Bertan elkarteak Baztango bigarren stock feria eginen du asteburuan

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 6a

Larunbatean zabalduko ditu ateak Elizondoko pilotalekuan

Bertan, Baztango merkatari eta ostalarien elkartea orain urte pasatxo sortu zen. Kezka beretsuak izanda, denek elkarrekin lan egiteko borondatea erakutsi zuten. Elkartearen estatutuak idatzi, junta eratu eta lanari ekin zioten. Ikastaroak egin zituzten Nafarroako Gobernuaren laguntzaz eta iazko udaberrian lehenengo stock feria antolatu zuten. Dagoeneko Doneztebarrak merkatari elkarteak berea antolatu zuen, eta hortaz, aurrekari onak zituzten.

Hogei komertzio

Aurten martxoaren 8an eta 9an eginen dute Elizondoko pilotalekuan II. Stock Feria. Denetara 20 merkatarik hartuko dute parte: Jaimerena ile apaindegia, Burdain bitxi denda, Azken Muga arropa denda, Virgilio zapata denda, Ipingi arropa denda, Beatriz lurrin denda eta estetika zentroa, Argibel optika, Artesiaga bulegorako materiala, Vitalicio aseguruak, Zaldua argazki denda, Noa estetika zentroa eta lurrin denda, Fantxike arropa denda, Malkorra gozotegia, Kattalingorri arropa denda, Estibalitz estetika zentroa, Nafarpres liburu denda, Mallenea altzari denda, Vodafone, Izeta erloju denda eta Pottoki.

Promozioan dauden produktuak ere

Nahiz eta stock feria izena izan, komertzioek eramanen dituzten produktuak ez dira beti estokajean daudenak izanen, batzuk produktuak promozioan jarriko dituzte, bertze batzuk deskontuak…Norberak erabakiko du ze portzentaietan eramaten dituen eta hala, denda bakoitzak erabakia hartuko du. Aurten ziurrenik ez dute ostatua paratuko, iaz ez baitzuen sobera arrakastarik izan. Dena dela, musika eta haurrentzako tailerrak prestatu dituzte, gurasoek lasai eros ahal izateko. Eguraldia hotza suertatuz gero, berogailu erraldoi bat jarriko dute eta jendea eroso egoteko bidea emanen dute. Frontoi osoa hartuko dute, metro guztiak beharrezkoak izanen baitira guztiek beraien erakusmahaiak jarri ahal izateko.

Ilusio eta gogoz ari dira prestaketa lanetan Bertan elkartekoa. Iaz eskualdeko jendeaz gain, Iruña aldekoa ere hurbildu zen, baina aurten hauteskunde egunarekin bat egiten duenez, horretan nahiko zalantzak dituzte. Datari dagokionez, iaz Doneztebarrak merkatari elkarteak antolatutakoaren ondotik ospatu zuten eta aurten orden bera errespetatu nahi izan dute. Horrez gain, Berako Larun Haitzpe elkarteak Bortzirietako lehenengo salgai hondarren feria ere antolatu zuen. Beraz, eskualdeko azkena da Bertan Baztango merkatari eta ostalarien elkarteak antolatu duena. Baina azkena izan arren, arrakastatsua izatea espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun