Urrutia anaiek eta Etxenikek irabazi dute paxaka txapelketa

Utzitako argazkiak 2008ko martxoaren 4a

IX. Paxaka txapelketako azken partidetara ailegatu diren pilotariak, Laxoa Elkarteko ordezkariekin batera. TTIPI TTAPA

Larunbateko finalean 9-5 irabazi zieten Urtasun, Garate eta Sarrateari

Joan den urtean bezalaxe, Iruritako Urrutia anaiak, Oskar eta Igor, izan dira aurten ere paxaka txapelketako txapeldunak. Joan den urteko zortzigarren edizioan Andres Elizaintzin izan zuten lagun eta aurtengo bederetzigarren edizioan, Mitxel Etxenikek jantzi zuen txapela beraiekin. Larunbatean, martxoaren 1ean, Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatutako final handian 9 eta 5 irabazi zieten Joseba Urtasun, Jesus Garate eta Cesar Sarrateari.

Hirugarren postua

Hirugarren posturako lehian emozio guttiago izan zen eta Xabier Ripa, Guillermo Etxenike eta Cesar Iñarreak 9 eta 3 irabazi zieten Miguel Bidegain, Iñaki Zabaleta eta Jesus Etxenikeri. Beraz, honelaxe gelditu da bederatzigarren paxaka txapelketako behin betiko sailkapena honela gelditu da: Txapeldunak, Iruritako Urrutia anaiak eta Etxenike. Azpitxapeldunak, Iruritako Urtasun, Garate eta Sarratea. Hirugarrenak, Iruritako Ripa, Etxenike eta Iñarrea. Laugarrenak, Bidegain, Zabaleta eta Etxenike.

Urrutia anaiak gehienetan ohorezko postuetan

Aipatu bezala, Urrutia anaiak txapeldun izan ziren iaz Elizaintzinekin. 2001ean ere txapelketa irabazi zuten eta 2003tik 2006ra, lau txapelketetan azpitxapeldun izanak dira, gehienetan Elizaintzinekin eta 2004an Ballarenarekin. Beraz, beharbada beraiek dira paxaka txapelket honetan garaikur gehien lortu dutenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun