Nafarroako Mendi Taldeen Eguna eginen da urriaren 24an Elizondon

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 27a

Mendi talde ezberdinak harremanatzea da egun honen helburu nagusia. TTIPI TTAPA

Gorramendiko hondakinak garbitzea eskatu du Mendi Federazioak

ttipi-ttapa Urriaren 24an eginen da Elizondon Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatutako Mendi Taldeen bigarren eguna. Besta giro batean, mendizaletasuna lantzen duten elkarteak harremanatzea da egun honen helburua. Ekitaldi honetan 30 mendi talde eta 500 bat mendizaleren partehartzea espero da. Iruñeko Oberena elkartean mendi saila eta Aitonak mendizale taldea bultzatu zuten Aranburu anaiak omenduko dira ekitaldian eta bazkaria ere izanen dute, eguraldiaren arabera frontoian edo arkupean. Partehartzaile bakoitzak bere janaria eraman beharko du, baina hori bai, antolaketa, edariak, kafea eta ttantta antolatzaileen esku izanen da. Dena den, ez dira omenaldia eta bazkaria egun horretako ekitaldi bakarrak izanen. Eskualdeko mendi talde ezberdinen laguntzari esker, partehartzaileek gidariekin hiru txango ezberdin egiteko aukera izanen dute Bertizko Parketik Elizondora. Ekitaldi hau prestatzen, Baztango Mendigoizaleak, Doneztebeko Erreka, Lesakako Beti Gazte, Sunbillako Ulibeltzak, Berako Larun eta Agerra mendi taldeak aritu dira. Hiru ibilbideen artean errazena, bi ordu terdikoa, Bidasoako Trenaren ibilbidea segituz joanen da. Bertze aukera, zailena, bortz bat orduko zeharkaldia izanen da eta Legate igoko du. Hirugarren aukera, aitzineko ibilbidearen antzekoa da, baina ordubete laburxeagoa . Hiru ibilbideak Elizondo inguruan bilduko dira eta denak batera sartuko dira herrian.

Gorramendi garbitzeko eskaera

Mendi Taldeen Bigarren eguna Elizondon dela probestuz, Gorramendi garbitzea eskatuko dute Mendi Federaziotik. Garai bateko amerikanoen baseko hondakinak gelditzen dira mendian, porlan puskak, burniak eta zaborrak, bertzeak bertze. Itsusi izateaz gain, arriskutsu ere suertatu daiteke. Baztango Udalarekin egindako bileren ondotik, baikor ageri da Mendi Federazioa, Herriko Etxean arazoa moldatzeko prest agertu baitira. Dena den, ekimen sinboliko gisara Federazioko kide batzuk porlan puskak ekarriko dituzte Gorramendi kaxkotik Balleko Etxearen atarira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun