«Domingo Etxandi zenari esker segitzen du bizirik kaikugintzak»

Joseba OLAGARAI 2008ko otsailaren 27a

Xanti OTEIZA Erratzuko kaikugilea TTIPI TTAPA

«Egurra baldin bada erreka bazterrekoa aisa goxoagoa da lanerako. Aldiz, harri tokikoa dena zailagoa da. Beti urkia erabiltzen dut kaikuak egiteko»

• Xanti Oteiza erratzuarra autobus gidaria da ofizioz eta kaiku egile afizioz. Kaikuez gain, artzainek erabiltzen zituzten bertze tresnak eta lehenagoko gauzak ere egiten ditu: zimitzak, aratzak, iragazkiak, ontziak, balatzak, oporrak… «Beti gustatu izan zait zureko lana» dio.
• Orain gehienak apaingarrirako saltzen dira: «Gehien saltzen dena kaiku ttikia izaten da. Orai ferietan gutiago ibiltzen naiz, aspertu naiz, etxean goxo-goxo egotea nahiago dut».

Nola hasten duzu kaikua egiteko prozesua?

Udazken hasiera izaten da materiala ekartzeko eta hustutzeko sasoia. Haize korrienteak hartzen ez duen toki batean utzi behar da idortzen berrogei bat egunez, haizea txarra baita, korriente horrek zura lehertu egiten du. Orain materiala ekarri eta udaberrira bizkitartean uzten dut, izerdia botatzen hasten den arte. Orduan hasten naiz kaikua edo dena delakoa lantzen.

Goizean goiz hasten zara kaikua egiten…

Zazpiak eta laister hasten naiz, eguerdira bitarte. Arratsaldean ere buelta bat ematen dut, baina sobera egin gabe, aspertzen baita.

Orain bakarrik aritzen zara, baina neguan herriko ikasle bat ere izan zenuen…

Mutil gazte bat izan nuen, bai, Jon… Ez dakit segitzen duen, seguruenik bai, baizik harek ere hainbertze lana baitzuen. Seguru aski nik bezala neguan aisago eginen du, ezin baita kanpora ateri. Mutiko mañosoa da eta interesa jartzen duena. Badira bertze batzuk lanarekin aspertzen direnak.

Lan handia al du kaiku bat egiteak?

Kaiku bat hasi eta akitu arte egun terdi edo bi egun behar dira, kaiku bakarra egiteko. Ongi egiteko hori behar da. Lehenbiziko lana forma ematea da, gero kiderra atera, gero prestatu eta barrena atera behar da. Gero, berrogei bat egun edo hilabete bat utzi behar da idortzen, beraz ezin da kaikua osorik segidan egin. Tarte horretan kuidado handia izan behar da, zura lehertzen ahal baita eta lana akabo! Urtero badira batzuk lehertzen direnak. Azkenean, berriz ere hartu eta kaikua akitu behar duzu, findu eta leundu. Maina pixko bat behar da kaikua egiteko, baina batez ere denbora, astia, gogoa eta pazientzia.

Zura tailatzen ere aritzen zara?
Zimitza egiteko, beharko! Taila ez zait gogorki gustatzen baina zimitzak egin behar baitira. Bertzela ez naiz tailan aritzen. Egur batetik bertzera ezberdintasun haundiak izanen dira… Diferentzia politak badira, bai… Egurra baldin bada erreka bazterrekoa aise goxoagoa da lanerako. Aldiz, harri tokikoa dena zailagoa da. Beti urkia erabiltzen dut. Behin tilo izeneko horretatik erabili nuen, baina puskak kentzeko zaila zen. Normalki egurra neronek ateratzen dut eta bizkarka ekarri tailerrera.

Inguruko herrietan ere badira bertze kaikugileak?
Bai, Erratzun berean bada 23-24 urteko bertze mutil gazte bat, xarmanki aritzen zen eta orai ere arituko dela pentsatzen dut, hura ere neguan arituko da. Bada Oitzen bat, Zubietan bertze bat, Elizondon, Donezteben… banaka batzuk segitzen dugu. Halere, garai batean baino gehiago gara. Domingo Etxandik mantendu zuen ofizio hau bizirik eta berari esker badu segida kaikugintzak orain.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun