Hogei bat elizondar bildu ziren urriaren 24an egindako herri batzarrean. Lehenbiziko puntuan Herriko Etxearen ondoan dagoen etxean, Merkatuzelaiaren ondoan, Bagordi gazte taldeari lokala uztea onartu zen. Talde honetako kide batek, lokalean gauzatu nahi dituzten ekitaldien berri eman zuen, herritarren galderei erantzunez. Modu berean, Elizondoko urrezko domina emanen du herriak. Aurtengo Santigo bestetan alkateak domina batzuk eman zituen eta hori ez da herritar guzien gustokoa izan. Batzarrean izan ziren batzuen ustez, «batzarrak berak erabaki beharko luke domina nori eman». Kontuak kontu, urrezko domina ematen segituko dute Elizondon eta uztailean jaso zutenak izanen dira lehendabizikoak sarituen zerrendan.
Bertze aldetik, Braulio Iriarte karrika ondoan babes ofizialeko etxebizitzak egin ondotik sortu den eremuari Erlategi Plaza izena jartzea erabaki zuen batzarrak. Modu berean, Kuartelekozelai parke inguruan Santiago Karrika aldera dagoen hesia berrituko da laister. Lan horiek urtea akitu baino lehen egin nahi ditu herriak eta honela, Elizondoko zeharbidea obrengatik itxia dagoen denbora aprobetxatu.