Larunbatean jokatuko da Baztan-Errekako IX. paxaka txapelketaren finala

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 26a

Txapela Iruritan geldituko da, bi hirukote finalistak herrikoak baitira

Larunbat honetan, martxoaren 1ean, jokatuko dira Iruritako Aranabia pilotalekuan, Laxoa Elkarteak bederatzigarren aldiz antolatutako paxaka txapelketaren azken partidak. Larunbat honetan jokatu dira finalerdiak eta protagonista guziak Iruritakoak ziren. Lehenbizikoan, Oskar eta Igor Urrutia anaiek eta Mitxel Etxenikek aisa, 9 eta 1 irabazi zieten Xabier Ripoa, Guillermo Etxenike eta Cesar Iñarreari. Bigarren finalaurrekoa parekatuagoa izan zen, baina halere, Joseba Urtasun, Jesus Garate eta Cesar Sarrateak 9 eta 5 irabazi zieten Miguel Bidegain, Iñaki Zabaleta eta Jesus Etxenikeri.

Hirugarren posturako lehia lehenik

Lehenik, hirugarren postua lehia izanen dute, Ripa, Etxenike eta Iñarreak, Bidegain, Zabaleta eta Etxenikeren kontra. Gero, final handiaren txanda izanen da. Azken urteetan bezala, txapela Iruritan geldituko da. Oskar Urrutia, Igor Urrutia eta Guillermo Etxenike, Joseba Urtasun, Jesus Garate eta Cesar Sarratearen kontra ariko dira. Aipatzekoa da Urrutia anaiak txapeldun izan zirela iaz Elizaintzinekin. 2001ean ere txapelketa irabazi zuten eta 2003tik 2006ra, lau txapelketetan azpitxapeldun izanak dira, gehienetan Elizaintzinekin eta 2004an Ballarenarekin. Beraz, beharbada beraiek dira faborio, baina Urtasun, Garate eta Sarrateak ere txapelketa bikaina jokatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun