Dagoeneko akitu dira Iruritako Gizarte Zentroaren lanak, baina inaugurazio ekitaldia ez da egin nahi ostatua hartuko duen pertsona bat agertu arte. Ostatua Gizarte Zentroaren beheitiko solairuan dago. Goitiko solairuan, berriz, erabilera anitzeko aretoa dago, bere eszenalekuarekin eta ikusentzutekoak eskaintzeko pantailarekin. Etxe honetan garatu nahi dira Iruritako talde ezberdinen ekitaldiak, Guraso Elkartea, Iruritako Gazteak, antzerki taldea, Aranabia pilota taldea, Laxoa Elkartea eta IruritaTxirrindularitza Elkartearena, bertzeak bertze. Maribel San Jose alkateak aipatu duenez, «herrian egiten diren gauza guziek lekua izanen dute Gizarte Zentroan». Beraz, ostatua hartzea herriko edo inguruko norbaitentzat interesgarria suertatzen ahal dela uste du San Josek. Interesatuek alkatearekin harremanean jarri beharko dute eta bera prest dago instalazioak erakusteko. Gizarte Zentroa eraikitzeko 391.000 euroko aurrekontua erabili da.