I. Mariano Izeta Bertso Sariketa eginen da azaroaren 26an Elizondon

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 26a, 15:13

Nafarroako eskualde guztietako bertsolari gazteak arituko dira

Azaroaren 26an, ortziralarekin, I. Mariano Izeta Bertso Sariketa eginen da Elizondon. 21:30etan afaria izanen da Eskisaroin eta afalondoan lehian arituko dira Nafarroako eskualde ezberdinetako bertsolari gazteak, Behenafarroakoak barne. Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Baztandarren Biltzarraren eta Baztango Udalaren laguntzaz antolatutako sariketa honetan, Jon Barberena eta Jon Elizetxe baztandarrak, Bidarraiko Mizel Mateo, Iturengo Alazne Untxalo, Berako Julen Zelaieta, Iruñeko Oier Lakuntza, Gorritiko Julio Soto eta Etxarri Aranazko Eneko Lazkoz lehiatuko dira. Afarirako txartela eskuratzeko 618 963011 telefonora deitu behar da. Garai batean, Mariano Izetak antolatutako txapelketak irudikatu nahi ditu sariketa honek, orduan ere Nafarroa osoko bertsolariak aritzen baitziren. Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, «Marianoren filosofia hura berreskuratu nahi da orain». Horretaz gain, Nafarroako bertso eskola eta eskualde ezberdinetako bertsolarien topaketa egiteko eta elkar ezagutzeko ere baliatuko da Mariano Izeta Bertso Sariketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun