Jardunaldi antidesarrollistak hasi dira Elizondoko Gaztetxean

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 26a

Musika kontzertuek lekua izanen dute jardunaldi hauetan. Argazkian ageri den Kaskezur taldeak eta Akauzazte arituko dira azaroaren 27an. TTIPI TTAPA

«Zementuzko Baztan? Ez, esker mile» izenburupean eginen dira

«Zementuzko Baztan? Ez, esker mile!» Izenburupean jardunaldi antidesarrollistak egiten ari dira Elizondoko Gaztetxean azaroaren 17tik aitzinera. Asteazken horretan garapenari buruzko tailerra izan zen, Abiadura Handiko Trenaren kontrako asanbladako jendeen eskutik. Azaroaren 19an, ortziralea, 20:00etan «Iparraldea, Baztanen ispilu?» galderari erantzuten saiatuko dira solasaldi batean. Iparraldeko etxegintza, bigarren etxebizitzaren afera eta turismoaren bilakaerari buruz arituko dira hitzaldi honetan.

Azaroaren 20an, larunbatean, murala eginen da eta 21:00etan kontzertua eskainiko dute gaztetxean Rata Kalva eta Banda Batxoki taldeek. Azaroaren 24an, asteazkenean, 20:00etan, hirigintzari buruzko tailerra eginen da, oinarrizko kontzeptuak, araudiak, terminologia eta bertze kontuak jakinaraziz.

Azaroaren 26an, ortziralea, 20:00etan Baztani buruz solastu, eztabaidatu eta hausnartzeko hitzordua izanen da.
Azaroaren 27an, larunbatean eginen den egun nagusiarekin, jardunaldi hauek itxiko dira. 9:00etan plazatik mendi ibilaldia abiatuko da Belaun ingurura. 18:00etan gaztetxe inguruan merendua eginen da. Merendu ondoan, Gladys del Estal 25 urte izenburupean, poliziak hildako ekologista honi eta Euskal Herriko komite antinuklear eta ekologistei buruzko solasaldia eskainiko da. Akitzeko, 21:00etan kontzertua eskainiko dute gaztetxean Akauzazte eta Kaskezur taldeek. Jardunaldiak iraun bizkitartean Abiadura Handiko Trenari buruzko erakusketa izanen da gaztetxean, egunero 19:00etatik aitzinerat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun