Haur Kantari jaialdien saio bikaina aditu zen Elizondon

Goizalde URDANPILLETA 2008ko ots. 25a, 15:44
Toki-Onako Maddi Sesek eta Ioar Taintak, Etzakit taldearen “Urrun izan arren” abestu zuten. TTIPI TTAPA

Larunbatean, otsailaren 23an, Elizondoko Lur aretoan haur kantu jaialdien barne, bigarren saioa ospatu zen. Jaialdi hauen aurkezpena egin zenean, arratsalderako iragarri zen, gainerakoak bezala, baina azkenean zenbait aldaketa egin behar izan dira. Larunbatean berean arratsaldeko 20etan Gu ta Gutarrak taldearen emanaldia egitekoa zen eta hortaz, ez zen astirik kantu jaialdia egin eta 20etarako dena prest egoteko. Antolakuntzak erabaki bat hartu behar izan zuen, eta hortaz, goizera aldatzearen beharra. Baina goizetan ere gure haur eta gazteek hainbat ekintza garatzen dituzte eta hortaz, trabak izan dira parte hartu behar zuten eskualdeko zenbait partaide ez baitira izan Elizondon. Uste baino korapilo gehiago izan ditu Elizondoko saioak eta azken hauek Lekunberrin ariko dira martxoaren 8an. Baina arazoak ez dira horretan geratu. Saioa goizeko 11etarako iragarrita zegoen, baina azkenean baziren 12ak pasa hasi orduko. Lehenik parte hartzaile guztiek soinu frogak egin zituzten eta hortaz, berandu egin zen. Baina oztopo guztiak ahantzi eta saio ikaragarri polita entzun ahal izan genuen.

Lehenik, Baztan-Lekarozko “Kalakak” taldea aritu zen gazte mailan. Alaitz eta Maiderren “Txanpon baten truke” kantatu zuten koreografia eta guzti. Altsasuko “Sugan” bikoteak izen bera duen taldearen “Zarena zarelako” eskaini zuen gazte kategorian. Altsasuko Zelandi eskolako taldeak txiki mailan, Anje Duhalderen “Ama Euskal Herria” kantaren bertsioa eskaini zuen. Laugarren Burlatako Ermitaberri ikastolako Josu Zabala aritu zen. Bitxia izan zen, bateria jo baitzuen kantatzen zuen bitartean. Itoitz taldearen “Hegal egiten” kantatu zuen.

Berako Jesusen Bihotza ikastetxeko “Axuriak” aritu zen ondotik. Betizu taldearen “Oholtzara” kantatu zuten eta hip-hop doinuak taula gainera eraman zituzten dantza eta guzti. Altsasuko beste bikote batek segida eman zion saioari. Gazte mailan aritu ziren Sugan taldearen “Sinisten” kantarekin. Bakarlari moduan aritu zen Berako Isidoro Fagoaga musika eskolako Izaro Iriarte Mixel Ducau eta Caroline Philipsen “Eiheralarre” kantarekin. Segidan, beste beratar batzuk aritu ziren, Jesusen Bihotza ikastetxeko “Larun” taldea txiki mailan. Zaldibobo eta Mixel Ducauren “Kolore, kolore” eskaini zuten. Altsasuko Zelandi eskolako taldeak txiki mailan parte hartu zuen herrikoia den “Topa dagigun” kantarekin. Altsasuko beste bikote batek jarraipena eman zion saioari Xabier Leteren “Xalbadorren heriotzean” abestiarekin.

Gazte kategorian aritu zen Altsasuko bikotea Betizuren “7.005 kolore” kantarekin. Egiarretako bikoteak Lor taldearen “Zure doinua” kantarekin gazte mailan parte hartu zuen. Berako Toki Ona institutuko Ioar Tainta eta Maddi Sesek Etzakit taldearen “Urrun izan arren” kantarekin aritu ziren eta azkenik, Lizarrako ikastolako Marta Morenok jota bat kantatu zuen, “Erribera”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun