Babes ofizialeko etxebizitzen beharra zehazteko zerrenda eginen du Baztango Udalak

Goizalde URDANPILLETA 2008ko otsailaren 22a

Agustin Olabe, Baztango udaleko hirigintza zinegotzia. TTIPI TTAPA

Eskari handirik ez dago eta batzuk saldu gabe gelditzen dira

Baztango udalak zerrenda bat zabalduko du babes ofizialeko etxebizitza erosteko interesa dutenekin eta hala, merkatuaren errealitatea ezagutu eta egokiak diren neurriak hartu ahal izateko. Badirudi ez dagoela eskaririk eta promotoreek arazoak dituztela egungo legedia betetzeko, izan ere egiten diren pisuetatik %50 babes ofizialekoak izan behar baitira, baina hauek ez dira saltzen. Gaia osoko bilkuran landu eta eztabaida eragin zuen Nafarroa Bai eta UPN alderdien artean. Bi taldeek argi omen dute ez direla babes ofizialen etxebizitzen inguruko eskaririk ematen eta Agustin Olabe hirigintza zinegotziak erran digunez “ gaia zerbitzu teknikoak aztertzen ari dira”.

Nafarroa osoko arazoa

Azken hilabeteetan zenbait promotorek eskariak egin dituzte etxebizitzak egin ahal izateko, eta portzentaia ez betetzeko aukera eman zaie. Baina arazoa ez da soilik Baztanen ematen, Nafarroako beste eskualdeetan errealitate bera dute eta Nafarroako Gobernuak modu berean jokatzen du eskualde guztietan. “Arazoa Tuterara ere iritsi omen da”, Agustin Olabek agertu digunez. Nafarroako Gobernuak hausnarketa bat eskatu, baina aldi berean udaletxeei pilota pasatu die eta ez da batere egoera erraza gertatzen. Une honetan Baztanen hiru espediente martxan daude babesekoak diren etxebizitzen eskaera eza dela eta, eta hiruak argudiatu eta lokalizatuak daude. “Elizondon 15 etxebizitzako bloke batean 5 etxebizitza saldu gabe daude eta 15eko bertze bat erabat geldituta dago” hirigintza zinegotziak aipatu digunez.

Prezioan alde handiegirik ez eta babes ofizialekoa 30 urtez ezin saldu

500 biztanle baino gutxiago duten herrietan ez da zertan %50eko portzentaia bete behar, baina ez du egiten, eta “hor daude etxebizitzak saldu gabe Erratzu eta Arizkunen.” Arazoa nonbait etxebizitza babestu eta libreen arteko prezioan omen dago. Ez da alde handiegirik eta legeak 30 urtez etxebizitza ez saltzeko eskatzen duen baldintza bete beharrak jendea gibelera botatzen omen du. Ez da gauza bera promozio bat Elizondon ematea edo Erratzun. Dagoeneko eskualdeko promotoreekin elkartu dira eta gauzak lasai egin nahi dituzte, erabaki zuzen bat hartu eta gutxienez hiruzpalau urterako balio ahal izateko. Horrez gain, Nafarroako Gobernuko teknikariekin ere elkartu dira, baina behin eta berriz errepikatu du Olabek “pilota pasa bertzerik” ez dutela egiten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun