Guraso eta haurrek euskara gehiago erabiltzeko ‘Plaza Jostaldiak’ abiatu dira

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 22a

Baztango Udalaren Euskara Zerbitzuaren ekimenez

Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuak egitasmo berritzailea abiatu du. Asmoa ere argia da: gurasoak eta haurrak elkarrekin jolastea, baina euskaraz. Horretarako begirale batzuk ibiliko dira herriz herri. Baztango Euskara Zerbitzuaren nahia ongi pasatzea da, jolas eta kanta berriak ikastea, eta hori dena gure hizkuntza erabiliz egitea, euskara. Plaza jostaldia astean behin eginen da jolastoki bakoitzean, beti ere, 16:30 aldera. Astelehenetan, Arizkungo eskola ondoan bilduko dira, asteartetan Oronozko eskola ondoan, asteazkenetan Elizondoko ikastola ttikiaren parkean, ortzegunetan Elizondoko San Francisco ikastetxearen ondoan eta ortziraletan, Iruritako eskolaren ondoan. Maiatza akabaila arte eginen dira Plaza jostaldiak, baina erantzunaren arabera luzatu ere egiten ahal da.

Euskararen erabilera hedatzeko

Raul Lopez, Baztango Euskara teknikariaren erranetan, «neska-mutikoak ikastetxetik ateratzen direnean, gurasoak kontu kontari eta haurrak jolasean aritzen dira. Aunitzetan gurasoak kontu kontari erdaraz aritzen dira elkarren artean, eta nahiz eta umeari euskaraz egin, hauek ohartzen dira gurasoek zein hizkuntza erabiltzen duten. Horrekin hizkuntza erabiltzeko araua ezartzen diegu umeei. Hori hausteko eta euskararen erabilera emendatzeko antolatu dugu plaza jostaldia». Berroetako Arantxa Gamio ariko da begirale gisara, eta beharraren arabera, Haur Eskolan aritzen diren bertze bi begirale izanen dira, «honelako gaietan esperientzia dutenak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun