«Baztango zerrikumea» tipifikazioa bultzatuko du ITGk

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 21a, 15:03

Nafarroan 60.000 zerrikume hiltzen dira urtero

Baztango zerrikumeari balio erantsi bat emateko dastaketa egin zuten Iruñeko Anaitasuna Kirol Elkartean otsailaren 18an. Berrogei adituk zortzi zerrikume probatzeko aukera izan zuten eta bertan izan zen Begoña Sanzberro, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria ere.

Produktu bereizgarria

Baztango zerrikume gozoena bereizteko helburuarekin, Abeltzaintzako Institutu Teknikoak, ITGk, 2006an abiatu zuen proiektua, kontsumitzaileari produktu berezigarria eskaintzeko eta etorkizunera begira Nafarroa iparraldeko ustiategi ttikien ekonomiari laguntzeko. ‘Baztango zerrikumearen tipikazioa’ izeneko egitasmoarekin zerrikumea bezalako produktu tradizionala bereizgarria izatea nahi da. 20 arraza diferentetako zerrikumeak daude, eta horien artean Baztanen ohikoenak direnak hautatu zituzten: euskal zerri autoktonoa, pietren arraza. eta pietren eta largue white arrazen arteko nahasketakoa.

Baztango zerrikumea kalitatezko janarien taldean

Tipifikazioa bultzatzen duen elkarteak eta ITGren ustez, Baztango zerrikumea kalitatezko janarien taldera sartu beharko litzateke, hiru argudiotan oinarrituz: zerrikumeak produzitzen dituzten esplotazio ttikien bideragarritasun ekonomikoa, alde batetik; Nafarroan eta bertze zenbait lurraldetan haragi mota hau aunitz kontsumitzen dela, bertzetik eta azkenik, kontsumitzaileak gero eta kalitate handiagoko haragiak eskatzen dituela.

Esplotazio ttikien bideragarritasuna

Esplotazio ttikien bideragarritasunari dagokionez, tipifikazioaren bidez, esplotazio industrialekin konpetitzeko duten ezintasuna moldatu nahi da. Behin eta berriz zerri sektorean izaten diren krisiak eta abeltzaintzan belaunaldi berriak hasteko zailtasunak ere moldatu nahi dira.

Kontsumitzailea segurtasun bila

Nafarroan urtean 60.000 zerrikume hiltzen dira. Kontsumitzaileak janarietan segurtasuna eskatzen du gero eta gehiago, hau da, janariak ez dezala antibiotiko edo bertzelako hondakinik izan. Modu berean, produktua non eta nola egin den ere jakin nahi du, baita produzitzerako orduan ingurumena errespetatzea. Baldintza horiek guziak beteko ditu Baztango zerrikumeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun