Herri txikiak bizirik!

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 21a

Baztango beharrak nonbait Elizondoko herriak dituenekin bakarrik neurtzen dira.
Orain dela egun batzuk Diario de Noticias egunkarian berri bat irakurri ondoren aho bete hortz gelditu nintzen. Laburbilduz, berri honen arabera, Baztanen (15 herri izanda) ez omen dago babes ofizialeko etxebizitzen beharrik, Elizondokoak ez baitira saltzen. Baztango Udalaren helburua herri txikiak desagertza baldin bada neurri «egokia» iduritzen zait, baina ez ote zen aberasgarriagoa izanen herri guztiei eskubide berak luzatzea? Zergak beraiek (Elizondokoak) bezala ordaintzera behartuta gaude, ez pentsa deskontuak ditugula. Gainera zergatik ote gaude behartuta beste herri batera joatera gure familia osatzera? «Bigarren mailako» herri hauen egoera oso larria da, horrela jarraituz, desagertuko dira. Mesedez, herri txikiak bizirik, eta herri txikiko giroa mantendu dezagun!
Gauzak horrela, Udalari lasai egoteko erranen nioke, nik nire herrian bizitzeko apostua egin dut, herritxo honek 500 biztanle baino gutxiago dituenez ez dute babes ofizialeko etxebizitzarik egiteko obligaziorik, horregatik nire gurasoen etxean jarraituko dut azken 30 urte hauetan bezala, eta beharrik, beraiek nitaz arduratzen direla, etxe berri bat egiteko behar den diru kopurua sekulan lortuko ez dudalakoz. Udala entzun: Baztango Bailara 15 herrik osatzen dugu!!!

Baztango “bigarren mailako” herri bateko gaztea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun