Patxi Urrutia kartzeleratu dute Garzon epailearen aginduz

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 11

Segurako operazion 24.000 euroko bermepean aske utzi zuten

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz Patxi Urrutia amaiurtarra eta Pernando Barrena kartzeleratu dituzte. Batasunaren izenean aritu direla-eta «erakunde terroristako kide» izatea egotzi die epaileak. Otsailaren 7an jakinarazi zuen Garzonek bere erabakia, eta egun horretan ziren deklarazioa hartzekoak, baina biek ere ez zuten deklaratu nahi izan.
Espainiako Poliziak otsailaren 4an atxilotu zituen Garzonek hala eskatuta. Senideek jakinarazi zutenez, otsailaren 4ko goizean Amaiurko bere etxera joan zen Urrutia, eta poliziak segika zituela erran omen zien etxekoei. Enkargutara atera omen zen gero, eta ez zen itzuli. Egun berean, arratsaldean, Patxiren anai-arreben Armaetxea etxea miatu zuten, atxilotua han zela.
Segurako operazioan ere atxilotu zuten Urrutia, baina Auzitegi Nazionalean deklarazioa hartuta, 24.000 euroko bermea ordainduta aske utzi zuten. Segurako operazioaren segida izan da azken hau. Atxiloketen harira, herritarrak egun berean protestan atera ziren Elizondoko karriketara. Baztango EAJk, bere aldetik, ohar batean amaiurtarra berehala askatzeko eskatu zuen eta bere eskubideak errespetatzeko exijitu. Bide beretik, NaBaik ere atxiloketak gaitzetsi zituen, eta Alderdiaren Legearekin bat ez datorrela oroitarazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun