Urtarrilaren 18an banatu zituen Baztandarren Biltzarrak abenduan abiatutako lehiaketetako sariak. Batetik, II. bertso paper eta ipuin lehiaketako sariak eman ziren. Eta bertzetik, gutun eta piropo lehiaketakoak. Azken bi hauek 18 urtetik goitikoei bideratuak ziren.
Bertso paper lehiaketan 21 lan aurkeztu ziren eta lehen saria Manex Ernetaren Aste xuria bertsoek jaso zuten. Bertiz Abentura Parkerako sarrera eraman zuen; bigarrena Kontxi Aginagaren Elurra bertsoek jaso zuten; eta hirugarrena Ainhoa Juanikorenaren Eguberriak bertsoek.
Ipuin lehiaketan, berriz, 30 lan aurkeztu ziren. Haur kategorian, Jon Maiordomo eta Unai Elizondoren Abentura Baztanen ipuinak jaso zuen lehenbiziko saria. Bertiz Abentura Parkerako sarrerak eraman zituzten; gaztetxoetan, lehenengo aukeratua Maite Elizetxeren Iluntasunaren beldur ipuina izan zen; bigarrena Endika Etxenikeren Ur erroten laisterketa; hirugarrena Itsaso Iriarte, Pablo Letona eta Unai Santxotenaren Antton mendian galdurik lana. Laugarren sariari dagokionez, bi ematea erabaki zuen epai-mahaiak: Adrien Grivillersi, Azenari lan motz eta arinarengatik, eta Haizea Meoki eta Itsaso Elizetxeri Errotako animaliak ipuinarengatik
Eskutitz lehiaketan Jon Barberena izan zen saridun. Bi lagunentzako otordua irabazi zuen. Eta piropo lehiaketari dagokionez, lan bakarra aurkeztu zen eta horregatik, antolakuntzak saririk ez ematea erabaki zuen.