Magnak Eugitik hurbil dagoen harrobi batean ateratzen du magnesita gaur egun eta Zubirin dagoen lantegian lantzen du. Eugiko harrobia, ordea, sei edo zazpi urte barru agortuko dela-eta hasi zen enpresa Baztanen harrobia egiteko tramiteekin. Erdizen aurkitu zuten 15-20 urterako harrobia izan zitekeenarentzako lekua. 2007ko udazkenerako erantzuna eskatua zuen Magnak Baztanen, baina prozesua gehiegi luzatzen ari zela ikusita, azkenean amore eman du. 150 langile ditu enpresak, eta horien etorkizuna «kolokan» dagoelakoan, epe laburrera, arazoari konponbidea eman nahian, bertze meategi ttiki batzuk aztertu dituzte. Erroibar mendialdean, Zilbeti herrian izan liteke horietako bat. «Baina ez dago Artesiagakoa bezalako magnesitarik, ez kalitatean, ez kopuruan», aipatu zuen Jose Antonio Yeregi industria zuzendariak. Hala, urte pare batez luzatu omen lezakete produkzioa. Langile batzordeak ere etorkizunaren «beldur» direla erran du, eta ez dutela ulertzen«industria garrantzitsurik ez duen eskualde bateko Udalak nola ez dion proiektuari babesa eman». Horren harira, Udalak hasieratik defendatu duen parte-hartze prozesura gonbidatuak zirela gogoratu du Baztango NaBaik. Jose Mª Roig Nafarroako Gobernuko Industria eta Lan kontseilariak ere kritika egin du: «Udalak ez du behar adina baloratu lana eta aberastasuna eratzeko izan duen aukera, eta zehaztasunik eza nabaritu zaio». Enpresak zein Gobernuak elkarrekin hitz egiteko asmoa dute.
Dominique Banas Magnako administrazio kontseiluko lehendakariaren arabera, «harrobia Espainian aurkitzen badugu, litekeena da Zubirikoari eustea. Baina Txinan aurkituta, ez dakit zer gertatuko den. Pena da». Etorkizunerako proiektu garrantzitsurik ez omen dute eskuartean, «Baztanen akordio batera ailegatzea espero genuelako».
Denborarekin berriz itzultzea ez dute baztertu, baina argi dute ez dutela diru gehiago xahutuko Baztanen. Baztango kultur eta kirol taldeei ematen dieten laguntza ere murriztuko omen dute: «Baztandik kanpo geldituta, horietan hainbertze gastatuko ez dugula pentsatzea logikoa da».
Baztango Udalak erran du ez duela Baztango Udalak erran du ez duela
«Baztango Udaleko Gobernu Batzarrak ukatzen du inolako erantzukizunik baduenik Magnesitas Navarras S.A. enpresak harrobi bat ustiatzeko proiektua bertan behera uztean, ez baitu horri buruzko ebazpenik atera (...). Baztango Udalak uste du garbi eta arduraz jokatu duela prozesu guztian (...). Enpresari adierazi zion proiektua eta ingurumen eraginaren azterlana tramitatu behar zuela Ingurumen Departamentuan, horrek aldeko edo aurkako ingurumen eraginaren adierazpena eman zezan (...). Baina ez du errandakoa egin eta behin eta berriz jo du Baztango Udalera proiektuaren alde jar zedin, jarraitzeko bidea ez izanik hori.
Proiektuak Baztanen piztu duen eztabaida kontuan izanik, erabakia 15 batzarrei kontsultatu behar zitzaien, lehenago informazioa emanez eta eztabaidatuz (...). Hasieran enpresak onartu egin zuen planteamendu hori baina gero ukatu. EAE-ANVren jarrerak ere ez du batere lagundu (...) proiektuari buruzko informazio eta eztabaida kanpainan, ez baitzuen onartu. Eta kanpaina hori beharrezkoa zen herritarrek eta gizarteko eragileek (...) informazio guztia izan eta haien iritzia adierazi, interesak defendatu eta erabakietan parte har zezaten. Hori ezinezkoa da, iritzia izateko informazio aski ez badago. Aipatutakoa egin beharrean, Espainiako lege batera jo dute (...) herri kontsulta egiteko. EAEk eta ekimen hori lagundu duten bortz alkateek ez zuten kontuan hartu Baztanek badituela bere baliabide demokratikoak horrelako aferak konpontzeko.
Gobernu Batzarrak Magnari adierazten dio ez duela (...) behar den prozedura segitu, hau da, Ingurumen Departamentuak ingurumen eraginaren azterlanari buruzko irizpena eman eta, (...) ondoren, harrobia ustiatzeko lizentzia eskatzea Udalari. Horrela eginez, Udalak zuzenbidezkoa dena erabakiko du, ekimenaren alde onak eta txarrak baloratu ondoren, herri-kontsulta batean baztandarrok bozkatzen dugunaren arabera».
Industria kontseilariak errandakoari erantzunez, Udalaren jokabidea «garbia, arduratsua eta irekia» izan dela nabarmendu du NaBaik, eta UPNri leporatu dio «interesak» tarteko «ez ikusia egin» eta «azpitik ibili» izana. Gaineratu du, «UPNk bazuela aukera,proiektuari dion babesa lehen ere adierazteko».