Erdizko harrobiko proiektua bertan behera gelditzea “albiste oso pozgarria da” Erdiz Bizirik Plataformaren ustez

ttipi-ttapa 2008ko otsailaren 1a

Geldirik egon ez diren baztandar guziak eskertu ditu Erdiz Bizirik Plataformak ortziral eguerdian egindako prentsaurrekoan. TTIPI TTAPA

Martxoaren 1ean herri bazkaria antolatu du Elizondon

Magnesitas Navarras (Magna) enpresak asteartea eguerdian Iruñean emandako prentsaurrekoan iragarri zuen Baztango Erdizaga mendian egin nahi zuten harrobiaren proiektua bertan behera uzten zutela. Erabaki horrek inguruan bere iritzia agertzeko prentsaurrekoa eskaini du ortziral eguerdian Erdiz Bizirik Plataformak. Albiste pozgarria dela eta baztandarrak geldirik egon ez direlako lortu dela aipatu dute Plataformako kideek: “Dena egina dago edo multinacional baten aurrean zer egin behar dugu? bezalako esaldiak ere entzun ditugu. Hortaz, geldirik gelditu bagina denak, garguero Erdiz zulatzen hasiak izanen ziren”. Dena dela, afera ez du oraindik akitutzat eman Erdiz Bizirik Plataformak: “Erne egon beharko dugu berriz ere, horrelako egoera batera iristen bagara, zuen laguntza beharrezkoa izanen dugu”.

«Magnako langileen egoera ez da baztandarron ardura»

Gauzak ixilpean ez direla egin behar gogorarazi ondotik, Magnako langileen lanpostuak kolokan egoteko ardura ez dela baztandarrona gogorarazi du Erdiz Bizik Plataformak. Momentuz Erdizko harrobiaren proiektua geldirik badago ere, Erdiz Bizirik Plataformak lanean segitzeko asmoa azaldu du eta etorkizunerako dituen egitasmoen berri eman du: “Herri galdeketa antolatzeko sortu den komisioan segituko dughu. Gure ustez funtsezkoa baita Baztanen galdeketa tresna bat prest edukitzea horrelako gaietan herritarren iritziak entzunak izan daitezen”.

«Baztandarron garapena ez da Erdiz suntsitzetik etorriko»

Baztango garapena baztandarrek landutakoa izan beharko duela uste du Erdiz Bizirik Plataformak: “Baztanen garapenaren aurka joatea leporatu digute, baina gure ustez garapena ez da Erdiz bezalako toki bat suntsitzetik etorriko. Baztango garapena baztandarrek landutakoa izan beharko du, gure baliabideak zaintzetik abiatuz”. Martxoaren 1ean, Erdizko harrobiaren proiektua ez dela gauzatuko ospatzeko, Elizondon herri bazkaria eginen dela ere aitzindu du Erdiz Bizirik Plataformak

Baztango Udalak Magnaren erabakian erantzukizunik ez duela jakinarazi du

Baztango Udalak, bere aldetik, Magna enpresak berak lehenik eta enpresako langileek eta Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpleguko kontseilariak ondotik, egindako kritikei erantzunez, erran du ez duela inolako erantzukizunik gertatutakoan. Baztango Udaleko Gobernu Batzarrak ukatu egin du inolako erantzukizunik baduenik Magnesitas Navarras S.A. enpresak harrobi bat ustiatzeko proiektua bertan behera uztean, ez baitu horri buruzko ebazpenik atera. Baztango Udalak uste du garbi eta arduraz jokatu duela prozesu guztian. Enpresari adierazi zion proiektua eta ingurumen eraginaren azterlana tramitatu behar zuela Ingurumen Departamentuan, horrek aldeko edo aurkako ingurumen eraginaren adierazpena eman zezan. Baina ez du errandakoa egin eta behin eta berriz jo du Baztango Udalera proiektuaren alde jar zedin, segitu beharreko bidea ez izanik hori. Proiektuak Baztanen piztu duen eztabaida kontuan izanik, erabakia 15 batzarrei kontsultatu behar zitzaien, lehenago informazioa emanez eta eztabaidatuz. Hasieran enpresak onartu egin zuen planteamendu hori baina gero ukatu. Baztango Udalaren ustez, EAE-ANVren jarrerak ere ez du batera lagundu, proiektuari buruzko informazio eta eztabaida kanpaina ez baitzuen onartu. Baztango Udalaren arabera, kanpaina hori beharrezkoa zen herritarrek eta gizarteko eragileek informazio guztia izan eta haien iritzia adierazi, interesak defendatu eta erabakietan parte har zezaten. Aipatutakoa egin beharrean, Balleko Udalak salatu du Espainiako lege batera jo dutela herri kontsulta egiteko. ANVk eta ekimen hori lagundu duten bortz alkateek ez zuten kontuan hartu Baztanek badituela bere baliabide demokratikoak horrelako aferak konpontzeko. Baztango Udaleko Gobernu Batzarrak Magnari jakinarazi dio ez duela behar den prozedura segitu, hau da, Ingurumen Departamentuak ingurumen eraginaren azterlanari buruzko irizpena eman eta, ondotik, harrobia ustiatzeko lizentzia eskatzea Udalari. Horrela eginez, Udalak zuzenbidezkoa dena erabakiko du, ekimenaren alde onak eta txarrak baloratu ondotik, herri-kontsulta batean baztandarrek bozkatzen dutenaren arabera.

Udalaren jokabidea «garbia, arduratsua eta irekia izan da»

Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpleguko kontseilariak errandakoari erantzunez, Udalaren jokabidea «garbia, arduratsua eta irekia» izan dela nabarmendu du NaBaik, eta UPNri leporatu dio «interesak» tarteko «ez ikusia egin» eta «azpitik ibili» izana. Gaineratu du, «UPNk bazuela aukera, proiektuari dion babesa lehen ere adierazteko». Magna Enpresa Batzordeak egindako adierazpenak ere krikikatu ditu Baztango Udalak, errealitatearekin bat egiten ez dutela erranez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun