Gizakunde, Orakunde eta inauteriak

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 31

Eguberrietako turroiak akitzeko zorian, Gizakunde ailegatu zaigu. Dagoeneko Aniz,Berroeta eta Orabideko inauteriak pasatuak dira, Gizakunde ere bai. Gizakunde Egunean, beti bezala, hitzorduari Arizkunen eman zitzaion hasiera. Gamioxarrea etxean merienda egin eta mozorroak jantzi ondotik, herriko plazan lau sagardantza aritu ziren: Arizkun, Erratzu, Baztan eta Lekarozkoak. Segidan, Erratzu aldera abiatu ziren mozorroak, Jantzilori, Bizkargain fanfarrea, Gallartako joaldunak, Hartza eta hartzazaina, sagaradantzariak eta Baztango txistulariak. Erratzun herriko buelta egin zuten, Xumuxuan, Zubipuntan, Uhaldean eta plazan geldialdiak eginez eta sagardantzak dantzatuz. Azkenik herriko plazan Jantzilori erre eta Etxelebertzeko Txokoan afaria ederra egin zuten, bertsolariek eta fanfarreak alaituta. Eta orain ailegatu zaiguna Orakunde da. Ziga da Orakunde ospatzen duen lehenbiziko herria (aitzineko ortzileria); Amaiurren asteartearekin egiten da; Erratzun asteazkenean; eta Arizkun, Elbete, Elizondo, Gartzain, Lekaroz, Irurita, Arraioz, Oronoz eta Almandozen ortzegunean; Azpilkuetan ortziralean eta Anizen larunbatean. Egitarauak herri guztietan iruditsuak dira: meza, herrian barna kalejira, bazkaria, jokoak, oilarra, merienda eta besta akabaila.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun