Erratzuko frontoiko teilatuaren zati bat erori da bapatean

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 31

TTIPI TTAPA

Frontoian lanean ari zirenak garaiz atera ziren

Erratzuko Etxelebertz pilotalekuko teilatuaren zati haundi bat erori zen joan den ilbeltzaren 22an, 14:30ak aldera, moldaketa lanak egiten ari zirenean. Zorionez, moldaketa lanean ari ziren Reformas Reyno de Navarra enpresako hiru langile teilatua erori baino lehenxeago atera ziren eta istripuak ez zuen kalte pertsonalik eragin.

Frontoia da Erratzuko kirol instalazio estali bakarra, 1958an luzeko pilota plazari teilatua jarri zitzaionetik. Geroztik ez zen moldaketa lanik egin eta orain Baztango Udala ari zen zaharberritze lanean, Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuaren laguntzarekin egiten ari den instalazioen mantenimendu eta zaharberritze programa baten barnean. Erratzuko frontoiaz gain, Baztanen Almandoz eta Elizondoko frontoiak ere moldatzen ari dira eta Elizondoko Giltxaurdi futbol zelaian belar artifiziala jartzen ari dira. Udalak azaroaren 28an eman zizkion Erratzuko frontoiko lanak Reformas Reyno de Navarrari, 447.304,77 euroren truke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun