Nafarroako Gobernuak 1.862.967 euroko laguntza emanen die Baztango bortz herriri azpiegitura lanak egiteko. 2005-2008rako onartutako Tokiko azpiegituen Planean sartzen dira dirulaguntzak eta Baztanen jasoko dutenak Almandoz, Arizkun, Elizondo, Erratzu eta Oronoz-Mugairi dira.
Almandoz herrirako, 103.349 euro ematea erabaki du Gobernuak, herriguneko ur hornidura eta saneamendu sarea eraberritzeko. Inbertsioa 171.264 eurokoa izanen da. Altxatuko diren karrikak ere zolaberrituko dira eta elizarako eskaileretan harlauzak paratu. Horretarako 109.870 euroko inbertsioa egin beharko da, eta laguntza 70.563 eurokoa izanen da.
Arizkungo herriguneko sarreen berritze eta zalaberritze lanen hirugarren fasean 208.670 euroko inbertsioa eginen da eta Gobernuaren dirulaguntza 97.954 eurokoa da. Ondoko karriken zolaberritze lanetarako 374.091 euroko inbertsioa eginen da eta Gobernuak 261.863 euro bideratuko ditu. Bertze 86.144 euro emanen dira zeharbidea zolaberritzeko, 148.119 euroko inbertsioari aurre egiteko.
Elizondok 84.913 euro jasoko ditu Herriko Etxeko teilatua eta aitzinaldeko paretak zaharberritzeko. Inbertsioa, berriz, 121.304 eurokoa izanen da. 775 metro koadroan teilak eta euriarentzako hodiak aldatuko dira eta aitzinaldeari dagokoinez, garbitu eta pintatu eginen da.
Erratzuk bertze 83.635 euro hartuko ditu eta herrigunea hornitzeko argindarraren transformazio gune bat eraikitzeko erabiliko da. 167.271 euroko inbertsioa eginen da.
Oronoz- Mugairin herriguneko saneamendu sarearen zati bat berrituko da. 423.955 euroko inbertsioa egin beharko da horretarako eta Gobernuak 255.835 euro emanen ditu. Ur-hornidura sarearen zati bat berrituko da eta ur-zikinen saneamendu sarea berritik egin, biak bereizteko. Zola altxatuko den lekuak gero berrituko dira. Horrez gain, Baztango Udalak bere gain hartuko ditu herriko zeharbidea moldatzeko lanak, baita argiteria eta gas sareenak ere.