Erdizko meategiaren proiektuaz

Erdizen ez dute azkenean harrobirik eginen

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 29a, 15:58

Proiektua bertan behera utzi duela jakinarazi du urtarrilaren 29an Magna enpresak.

Magna enpresak etsi egin du eta ez du Erdiz mendian harrobia eginen. Hala jakinarazi du urtarrailaren 29ko eguerdian Dominique Bamas Magnako administrazio kontseiluko presidenteak. "Aukera ona galdu dugu eta pena da. Desastrea ere bai", erran du.

Magnak Nafarroan badu bertze harrobi bat Zubirin, eta 150 langile dauzka. Negozioarekin segitzeko egin nahi zuen Erdizen bertze harrobi bat, eta duela zazpi urte ekin zion baimenak eskatzeari. Lortu gabe. "Ez dugu beste eurorik, minuturik eta izerdi tantarik xahutuko honetan", adierazi du administrazio kontseiluko presidenteak. Orain arte egitasmo horretan milioi eta erdi euro gastatu dituztela jakinarazi du.

Oposizio handia izan du Erdizko proiektuak Baztanen. Azaroan, erraterako, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten Elizondon, harrobiari buruzko erreferenduma egin zezaten eskatzeko. Erdiz Bizirik taldeak antolatu zuen. Taldeko kideek Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari eskatu zioten "arduraz" jokatzeko, "Ingurumen Departamentuaren ardura baita Erdiz babestea". Baztango Udalari, berriz, "tranpak eta gezurrak" alde batera uzteko galdegin zioten, eta "herriaren borondatea" aintzat hartzeko, "Baztango herriak Erdizko harrobiari buruzko erreferenduma egitea nahi baitu". Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa ere egin zuten eta mila inguru lortu zituzten.

Gaur Magnak proiektua ez egitearen "errua banatu" egin du, eta harrobia "munduko" beste lekuren batean egin beharko dutela esan du. Magnesita ateratzen du enpresak. Duela zortzi urte arte enpresa Nafarroako Gobernuarena zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun