Irurita-Elizondo saihesbidea egiteko tramiteak aitzinera doaz

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 24a

Udalaz Gaineko Inzidentzia duen proiektu sektoriala onartu du Nafarroako Gobernuak

N-121B errepidean, Irurita eta Elizondo artean eginen den saihesbidea gauzatzeko tramiteak betetzen dira. Honela, Nafarroako Gobernuak asteartean, urtarrilaren 22an, hartu zuen akordioan, “N-121B errepidearen eraikuntza: Irurita-Elizondo zatia” Udalaz gaineko inzidentzia duen proiektu sektoriala onartu zuen. Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak bultzatu du proiektua eta orain arte aurkeztutako alegazioen artean onartutakoak eta ez onartutakoak erabaki dira.

Aipatzekoa da, Nafarroako Gobernuak 2007ko martxoaren 19an proiektu honi buruzko estudio informatiboa deklaratzea erabaki zuela, publikoari informazioa emanez Baztan Balleko udalean. N-121B errepideko Irurita eta Elizondo arteko zatia, 2002-2009ko Nafarroako Errepideen bigarren plan zuzentzailearen barrenean sartua dago, Iruña eta Lapurdi Belaten barna lotzen dituen Interes Orokorreko sarean kokatua eta Mugairin eta Arraiozen dagoeneko gauzatu diren saihesbideei segida emanez.

Hamabi alegazio aztertu eta erantzun dira

Espedientea jendaurrean izan zen bitartean hamabi alegazio-idatzi aurkeztu ziren eta bakoitza aztertu eta erantzun egin dela jakinarazi dute Nafarroako Gobernutik. Onartutako proiektua, Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak proposatutako bigarren alternatibari dagokio, beti ere alegazioetan proposatutako zenbait aldaketekin.

Alternatiba honek, Oharrizko meandroan barna gaur egun ez dagoen ibilgailuendako sarbidea izanen dela suposatzen du. Dena den, proiektuak ez du etorkizunean egin daitezken hirigintza garatzeko lanetarako sarbiderik aurrikusten eta sarbide horiek beharrezkoak balira, berriz ere tramitatu beharko lirateke. Bertze aldetik, saihesbidea eraikitzeko proiektuaren fasean eginen omen da urperatzeko arriskua neurtzeko ikerketa zehatza, saihesbideak zer altuera izan beharko duen jakiteko.

Garai bateko Bidasoako trenbidearen zati bat ere hartuko du saihesbide berriak, baina proiektuaren arabera, ukitzen den zatia berriz ere moldatu eginen da eta saihesbidearen eta trenbidearen trazatuak bateragarriak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun