Lekarozen dagoen “Valle de Baztan” Gazteen Aterpea 2008. urtean kudeatzeko kontratua sinatu dute berriki Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gaztediaren Instituaren bitartez eta Nafarroako Aspace Fundazioak. Zehazki, Ana Frias Pardo, Nafarroako Gaztediaren Institutuko zuzendariak eta Maria Fernanda Esparza Saez, Nafarroako Aspace Fundazioko zuzendari nagusiak sinatu dute hitzarmena.
Nafarroako Aspace Fundazioak 2003garren urteaz geroztik kudeatzen du Lekarozeko Aterpea, lehiaketa publikoa irabazi ondotik. Aterpeak 130 lagunendako lekua dauka, sei laguneko hogei logela eta bainugela daukaten bertze bortz logela bikoitzekin. Bere jangela eta sukaldea ere baditu, kafetegia, joku-aretoa, ekitaldietarako aretoa, batzar-aretoa eta lanerako bertze lau gela. 2003garren urte horretatik, gaua aterpean pasatzen dutenen kopurua igo egin da urtero urtero. 2002an 10.706 izan ziren eta 2007 urtean 17.116.
Hogei langileetatik hamazazpi ezinduak
Aterpea kudeatzen duen lan taldea hogei lagunek osatzen dute, horietatik 17 ezintasunen bat dutenak. Erreserbak kudeatzeaz, harreraz, garbiketaz, erosketetaz, sukaldeaz, promozioaz eta jendeari arreta eskaintzeaz arduratzen dira.
Nafarroako Gaztediaren Institutuak Nafarroako Gazte Aterpeen Sarea bultzatzen du eta bortz zentro ditu. Eskualdean, Lekarozkoarekin batera, Doneztebeko Belbiretxea dauka. Joan den urtean, Nafarroako bortz aterpe hauetan 79.800 lagunek hartu zuten gauerako ostatu.