Erratzuko frontoiko teilatuaren zati bat erori zen astearte eguerdian

Utzitako argazkiak 2008ko urtarrilaren 23a

Erratzuko frontoiko teilatuaren zati handi bat eta ezker pareta ukitu ditu erorkak. TTIPI TTAPA

Zorionez, lanean ari ziren hiru langile 20 segundu lehenago atera ziren

Erratzuko Etxelebert pilotalekuko teilatuaren zati haundi bat erori zen asteartean, ilbeltzaren 22an, arratsaldeko 14:30ak aldera, moldaketa lanak egiten ari zirenean. Zorionez, moldaketa lanean ari ziren Reformas Reyno de Navarra enpresako hiru langile teilatua erori baino lehenxeago atera ziren eta istripuak ez zuen kalte pertsonalik eragin. Xanti Ibargarai, Erratzuko alkatea pilotalekura hurbildu zen okerrena pentsatuz, baina langileak kanpoan zeudela ikusitakoan lasaitu zen. “Ezin izanen dugu frontoia San Pedro bestetarako inauguratu, baina horrek badu soluzioa eta ez du inporta. Inportanteena kalte pertsonalik ez izatea da”.

1958an estalia

Etxelebert frontoia da Erratzuko kirol instalazio estali bakarra, 1958garren urtean luzeko pilota plazari teilatua jarri zitzaionetik. Geroztik ez zen moldaketa lanik egin eta orain Balleko Udala ari zen zaharberritze lanean, Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuaren laguntzarekin egiten ari den instalazioen mantenimendu eta zaharberritze programa baten barnean. Erratzuko frontoiaz gain, Baztanen Almandoz eta Elizondoko frontoiak ere moldatzen ari dira eta Elizondoko Giltxaurdi futbol zelaian belar artifiziala jartzen ari dira.

Balleko Udalak azaroaren 28an eman zizkion Erratzuko frontoiko lanak Reformas Reyno de Navarra enpresari, 447.304,77 euroren truke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun