Gizakunde eguna ospatuko dute larunbatean Arizkunen eta Erratzun

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 18a

Jo ala Jo taldeak antolatuta

Azkeneko urteetako ohiturari eutsiz, Jo ala Jo taldeak Gizakunde eguna antolatu du Arizkunen eta Erratzun. Aurten ilbeltzaren 19an, larunbatean, izanen da. Atsaldeko 16:30ean Arizkungo Gamioxarrean merendua eta mozorroen prestaketa eginen da, mozorro txuriak, beltzak, hartza eta hartza zaina, sagardantzariak, ioaldunak, musikariak, fanfarrea eta bertze. Bakoitzak bere mozorroa eraman beharko du. Tunturruak, berriz, tailerretan eginen dira. Aipatzekoa da Erratzuko ZubiPunta ostatuan astean barna tunturru tailerrak egiten ari direla mozorroak prestatzeko. Ortziraletan berriz, Erratzun ere, sagardantza tailerrak antolatuko dira. Atsaldeko 18:00etan Arizkundik Erratzuko bidea hartu eta Arizkungo plazan sagardantzak dantzatu eta gero. Erratzura ailegatuko dira arratseko 20:00ak aldera eta etxez-etxeko eskea eginen dute. Geldialdietan sagardantza eta mozorrodantza dantzatuko dituzte.

Afaldu baino lehen herriko plazan Jantziloren epaiketa eta erretzea eginen da, horrela erabakitzen bada, noski. Dena den, azken urteetan beti halaxe erabaki dela aipatu behar da. Atseko 22:00etan afaria eginen da Etxelebertzeko txokoan eta ondotik besta.

Aurten Erratzu, Amaiur, seguraski Lekaroz eta Baztango sagardantzariak arituko dira. Horretaz gainera Bizkargain fanfarrea, Ioaldunak, hartza eta zaindaria, mozorro txuri eta beltzak, txistulariak, bertsolariak, eta parte hartu nahi duten guziek alaituko dituzte Erratzu eta Arizkungo karrikak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun