Belate eta Almandozko tunelak ireki zirenetik hamar urte pasatu gabe direnean hainbatetan itxi egin behar izan dituztela aipatu izan dugu auniztan. Moldaketa lanak direla edo bertze arrazoiak medio, zazpi aldiz erabat itxi behar izan dute eta trafikoa errepide zaharretik bideratu. Azkeneko gertakaria igande honetan, urtarrilaren 13an izan zen. Nonbait, ezagutzen ez diren arrazoiengatik, Almandozko tunelean 50 metro kable erori ziren eta igande arratsaldean trafikoa erabat itxi behar izan zuten.
SOS Navarrak arratsaldeko 17:43an hartu zuen partikular baten deia, kableak bi karrilen erdian zeudela jakinaraziz. Guardia Zibila hurbildu zen tunelera eta trafikoa Belateko mendatetik desbideratu zuten, errepideen mantenimendurako langileak kableak kentzen zituzten bitartean.
20:00ak aldera, Iruñerako norabideko karrila ireki zuten eta arratseko 21:00ak baino lehenxeago, erabat ireki zuten tunela, normaltasunez zirkulatu ahal izateko.
Gertakari honek ez du tunelaren egitura ukitu, baina badaezpada, astelehenean tunelaren errebisioa egin zuten. Aipatzekoa da N-121A errepidean egunero 10.000 ibilgailu inguru ibiltzen dira eta horietatik 2.200, %22a, kamioiak dira.