Erdizko harrobiari buruzko herri kontsulta egiteko tramiteek aitzinera segitzen dute

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 14a

Baztango araudiarekin bat datorren galdeketa tramitatzeko batzordea osatu da alderdi guztietako ordezkariekin eta herrietako bi alkateekin. TTIPI TTAPA

Magnak, bere aldetik, hilabete honetan jakinaraziko du harrobi proiektuarekin segitu ala ez

Erdizen harrobia egin bai ala ez. Horixe bera aztertzen ari da Magnesitas Navarra (Magna) enpresa. Baztanen prozesua «gehiegi» luzatzen ari delako eta sortu den giroa ikusita, harrobiaren egitasmoa Nafarroako bertze leku batera eramatea aztertzen ari da orain enpresa. Jose Antonio Yeregui Magnako industria arduradunak erran digunez, «joan den urteko ekainean erantzun bat eskatu genion Baztango Udalari, baina ez da ailegatu. Guk ezin dugu gehiago itxaron eta proiektuak garatzeko lana egin beharra dugu». Gainera laster erantzunen bat emanen duela ere argitu digu. Dagoeneko Erroibar mendialdean, Zilbeti herrian azterketak egiten hasi Magna baina Yereguiren ustetan, «ez dugu Artesiagakoa bezalako magnesitarik aurkituko, ez kalitatean, ez kopuruan». Hala ere, uste bat baizik ez omen da hori eta laster izanen omen dute zehatz horren berri. Zilbeti inguruko udalekin harremanetan ere jarriak direla adierazi digu Yereguik, eta ingurumen aldetik proiektua onargarria baldin bada, proiektua ontzat emanen dutela azaldu omen diote. Hala ere, hemendik urte batzuetara berriz ere Baztanen saiatuko diren galdetuta zera erran digu Yereguik: «materiala hor dago eta hori ez dakigu, nork daki». Edozein kasutan, oraindik erabaki gabe dago azkenean zer eginen duten Erdizen egin nahi zuten harrobiarekin. Horren berri prentsaurreko baten bidez emanen omen dute.

Baztanen herri kontsultaren alde lanean

Bien bitartean, Baztanen bere martxarekin segitzen dute. Amaiur, Arizkun, Oronoz, Irurita eta Berroetako alkate juradoek deitutako erreferendumak ez zuen Batzar Nagusiaren babesik jaso. Dena den, udalbatzarrak proposatutako herri kontsultaren egitasmoa aitzinera doa, eta Baztango Udalaren araudiekin bat datorren galdeketa tramitatzeko batzordea sortu da. Batzorde berri horretan NaBai, UPN eta EAE-ANV alderdietako zinegotziek eta Almandoz eta Iruritako alkate juradoek parte hartuko dute, Luis Roldanek eta Pello Obregozok, hain zuzen. Horrela erabaki zuten Batzar Nagusiaren azken bilkuran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun