Baztango NaBairen komunikatua

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 14a

Pasaden abenduaren 17an, astelehena, Baztan Udaleko hondar osoko bilkuran Magnesitas Navarras S.A. (Magna) enpresak Artesiagako Erdiz eremuan aire zabaleko meategi bat zabaltzeko duen proiektuaren gainean herri kontsulta egiteko eskaerari bide ofiziala ematea aho batez erabaki zen. Herri kontsulta horren eskaera bortz herritarrek egina da, eta 954 baztandarren sinaduren babesa ere lortu du. Ekimen horren bultzatzaileak Baztango bortz herrietako alkate juradoak dira, eta horretaz baliatu dira ekimena nabarmentzeko eta ofizialtasun handiagoa emateko, nahiz eta eskaera Baztango Batzorde Nagusiari bizkarra emanez bideratu.
Baztango Gobernu Taldeak eskaera honi bidea eman dio, araudi administratibo arrazoiak direla eta Baztandar batzuk horrela eskatu izana arrazoi aski delako. Alabaina, EAE-ANVren babesa duten bortz herrietako Alkate horiek erabili duten lege horri heltzea harrigarria da, batez ere lege horren 9. artikuluak honela diolako: «Nafarroako Gobernuko Lehendakariak baimen eskaria eginen dio nazioko gobernuari (azken aldi honetan Madrilen boterean dagoen PSOEk Espainiako Gobernua deitzen duena), herri-kontsulta gauzatze aldera, nazioko gobernuak eman beharko duena». Nolako herri-kontsulta nahi du EAE-ANVk? Espainiar modura ala Baztandarren gisara?
Bortz Alkate-Juradoek eta EAE-ANVk jakin bazekiten eta jakin badakite Baztango Herriak gatazkak bideratzeko eta erabakiak hartzeko tresna demokratiko propioak dituela, hau da, Balleko Batzorde Nagusia, Udalbatza eta herrietako Batzarreak, non Baztanen herri-kontsultak gauzatzeko aukera dugun, udalez gaindiko inolako instituzioen baimenik eskatu gabe, are gutxiago Espainiako Gobernuari. Hori gutxi ez balitz, bertze lekuetan eratu izan diren antzeko ekimenak ikusita, Elorrion kasu, eta gai honetan adituak direnen iritzien arabera Madrilek baimendu beharreko herri-kontsultak ez gauzatzeko arrisku handia du. Zergatik egin dute? Beraiek jakinen dute, Baztandarren aitzinean ez baitute inolako autokritikarik egin. Baztanen ditugun bertako moduaz baliatuz herri kontsulta egitea posible dela ezagututa zabaldu nahi izan duten Madrilgo bidea ulertzea baztandar aunitzei zaila egin zaie. Ordea, Baztango Nafarroa Bai udal taldeak irain higuingarri, zakar eta doilorrak bertzerik ez ditu bildu, EAE-ANVk berriki banatutako panfleto baten bitartez Baztango Alkatea eta NABAI taldearen kontrako akusazio pertsonal faltsuak hedatu baititu. Hau ote da era demokratikoan jarduteko modua? Inolako frogarik agertu gabe zabaldutako akusazio faltsuak eta gezurrak ezin dira elkarrizketa, elkar-ulertzea eta iritzi ezberdinen hurbiltzeko oinarri izan, hori argi dago. Hori ez da mezu politikoa osatzeko modua, are gutxiago Herri eta Aberri bat eraikitzeko bidea.
Hala ere, hori guztiaren gainetik, Baztango Udal Gobernu taldeak EAE-ANVk babesten dituen bortz herrietako Alkateei dei egiten die, Magna enpresak Erdizagan meategia zabaltzeko duen proiektuaren aitzinean laster aurkeztuko den Informazio, debate eta kontsultarako Planari baietza eman diezaioten. Plan horrek hiru fase ditu: lehendabizikoan informazioa, eztabaida eta debatea, beharrezkoa baita Baztango errolda osatzen duten 6.352 baztandarrentzat proiektua aintzat dutenen argudioak eta arrazoiak zuzenean ezagutzea, modu berean proiektua gaitzesten dutenenak. Bigarrena hausnarketa fasea, hirugarrenean herri-kontsulta.
EAE-ANVk goresten duen bezala herri-kontsulta bat egiteko hautestontziak jartzea ez da aski, hori prozesuaren amaiera izanen zen. Informazio eta parte-hartze prozesu baten kontra egitea EAE-ANVk babesten dituen bortz herrietako Alkateen kontsultaren eskaerari bere sinadura eman ez dioten 5.046 (%79,43) baztandarren ezagutzeko, informatzeko eta erabakitzeko eskubidea urratzea da. Akaso, ustezko emaitza kontrakoa izango ote den beldur daude? Modu horretan prozesua guztiz demokratikoa ez da, inolaz ere. Elizondon, 2007ko abenduren 21ean.

Virginia Aleman - Baztango NaBai

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun