«Kultura Neguan» egitaraua ekitaldiz gainezka ari da gauzatzen

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 8a

Baztandarren Biltzarrak antolatu du Mendigoizaleekin elkarlanean

Baztandarren Biltzarrak antolatuta Baztango Mendigoizaleak taldearekin elkarlanean, Kultura Neguan izeneko egitarau zabala gauzatzen ari da asteotan. Abenduaren 11n, Mugaldekoak ikuskizunean, kantuak, poemak eta bertzelakoak aditzeko modua izan zen Arizkunenea Kultur Etxean, Edu Zelaieta eta Beñardo Goietxe eta Raul Gartzia beratarren eskutik. Abenduaren 18an, larunbatarekin, bertso saioa eskaini dute Arizkunenean Jon Barberenak, Xebastian Lizasok eta Jon Martinek. Abenduaren hondar aldera, haurrendako tailerrak izanen dira: 27an Amaiurren, 28an Elizondon, 29an Anizen eta 30ean Iruritan eginen dira, guztiak atsaldeko 3:30etatik 6:30ak arte. Abenduaren 28tik urtarrilaren 3a bitarte mendiko diapositiba emanaldia izanen da, egunero 20:00etan.

Urtarrilaren 4an, “Frankismoaren esklabuak Nafarroan” izeneko solasaldia eskainiko dute Iker Frias, Edurne Beaumont eta Fernando Mendiolak Arizkunenean 20:00etan. Kultura Neguan egitarauari akabaila emateko, urtarrilaren 8an, kontzertua eskainiko du Hiru Truku taldeak Lur diskotekan, 20:00etan. “Nafarroako kantu zaharrak” diskoaren aurkezpena eginen dute Elizondoko dantzaleku berrian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun