«Tuku-keta» mahai jokoa salgai izanen da Eguberrietan

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 8a

TTIPI TTAPA

Baztani buruzko laurehun galdera biltzen ditu

Baztango Balleko Etxeko Euskara Zerbitzuak prestatu duen Tuku-keta Baztango mahai jokoa salgai izanen da Eguberri hauetan Balleko Etxean eta Fantxiken.
Mendez mende pilatutako kontu ugarik sortzen dute herri baten nortasuna. Hala, TUKU-KETA mahai jokoaren helburua Baztango eskuara, historia, ohiturak… hobeki ezagutzeko modo eroso, entretenigarri eta atsegina eskaintzea da. Azken finean, jokoaren bidez Baztango nortasunaren elementuak ezagutarazi nahi dira, horrela, hobeki zaindu, gorde eta biziberrituko direlakoan. Joko hau egiteko momentuan hurbiltasuna izan dute irizpide nagusia. Izan ere, herriko toponimia, gertakizunak, ohiturak eta abar, belaunaldi berriek ez dituzte ezagutzen, bizimodue bera aldatu egin baita.
Tuku-keta galde-erantzunezko jokoa da. Jokoak Baztani buruzko 400 galdera ditu.
Guttienez bi lagun behar dira jokatzeko, baina bestela ez du mugarik; jokoa gazte eta helduendako pentsatuta dago eta banaka edo taldeka aritzen ahal da.

Era guztietako galderak daude, guztiak lau gaitan bilduak:

1. ESKUARA : Baztango solasari buruzko galderak, baita Baztango eskuararen alde nabarmendu diren pertsonenak ere.
2. GEOGRAFIA ETA HISTORIA: Baztango toki izenak, herriak, kuartelak, mendiak, Baztango historia eta arteari buruzkoak
3. OHITURAK ETA KIROLA: Lehenagoko kontu eta ohiturak, bestak, dantzak, tradizioak, herri kirolak, kirolariak…
4. DENETARIK: Bertze ataletan sartzen ez direnak, bitxikeriak, Baztango aferak …
Erran bezala, Baztan ezagutu eta bide batez ongi pasatzeko aukera eman nahi da joko honen bidez, eskoletan nahiz etxeetan aritzeko, gaztetxoak nahiz helduak.
Jokoaren helburu nagusia eskuara eta eskual kulturaren normalizazioa da. Baztango esparrura mugatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun