Elizondoko herriak gan den urteko kontuak itxi eta lehendik zituen zorrak kitatuko ditu. Baztango udalak, karrikako salmentari dagokion %50a eta Foru plazan jarritako harmailen errenta oraindik ordaindu gabe daudela kontuan hartuz, positiboan itxiko du Elizondoko herriak gan den urtea. Kobraketak eta ordainketak egin gabe, 30.187 euroko superabita zuen herriak eta Rafael Olaizola alkateak aipatu duenez, “azkenean gure konpromisoak gauzatzeko eta herria ekonomia normalizatuarekin uzteko modua izanen dugu”.
Hilerriaren kudeaketa eta mantenimendua
Errege egunean egindako batzarrera 20 elizondar baino ez ziren agertu eta hori, kontuak kitatzeko batzarrea izanik, normalean baino ikusmin gehixeago pizten duela. Elizondoko hilerriaren kudeaketa eta mantenimendu lanak esleitu ziren eta, azkeneko bi urteetan bezalaxe, Irache taldeko Cementerios de Navarra enpresak eginen ditu lan horiek. Herriak urteko 3.900 euro ordaindu beharko ditu, 185 euro lurperatze bakoitzeko eta 380 euro elizako erlojuaren mantenimendurako. Kopuru hauei BEZaren %7a gehitu beharko zaio. Kontuan hartu behar da, hemendik aitzinera lurperatzearen erdia hildakoaren familiak ordaindu beharko duela.
Hilerriaren mantenimenduari arreta gehiago paratuko zaiola jakinarazi du Rafael Olaizolak, bereziki bizilagunen kexa batzuk sortarazi duen jardinen zaintzari. Elizondoko alkateak onartu zuen, hilerriaren kudeaketa ez dela enpresentzat negozio haundi bat, eta ulertzen dugu lanak dituela lanak inguruko pertsonei emateko, baina hori enpresak moldatu beharreko arazoa da”.
Bertze aldetik, Herriko Etxearen teilatua moldatuko dela jakinarazi du alkateak, azkeneko konponketak duela 25 urte egin baitziren eta egoera kaxkarrean dagoelako, ittaxurekin”.