Magna Erdizen harrobia egin ala ez aztertzen ari den bitartean, herri kontsulta egiteko bideak aitzinera segitzen du

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 8a

Enpresak ez du baztertu urte batzuetara berriz hemen saiatzea

Erdizen harrobia egin bai ala ez. Horixe bera aztertzen ari da Magnesitas Navarra (Magna) enpresa. Baztanen prozesua «gehiegi» luzatzen ari delako eta sortu den giroa ikusita, harrobiaren egitasmoa Nafarroako bertze leku batera eramatea aztertzen ari da orain enpresa. Gainera laster erantzunen bat emanen duela ere argitu du. Dagoeneko Erroibar mendialdean, Zilbeti herrian azterketak egin ditu Magnak eta Artesiagakoa bezalako kalitatea duen magnesitarik aurkitu ez badute ere, epe motzerako han materiala edukiko luketela adierazi dute. Hala ere, hemendik urte batzuetara berriz ere Baztanen saiatzeko aukera ez dute baztertu. Edozein kasutan, oraindik erabaki gabe dago azkenean zer eginen duten.

Herri kontsultarako prozesuak aitzinera segitzen du

Bien bitartean, Baztanen bere martxarekin segitzen dute. Amaiur, Arizkun, Oronoz, Irurita eta Berroetako alkate juradoek deitutako erreferendumak ez zuen Batzar Nagusiaren babesik jaso. Dena den, udalbatzarrak proposatutako herri kontsultaren egitasmoa aitzinera doa, eta Baztango Udalaren araudiekin bat datorren galdeketa tramitatzeko batzordea sortu da. Batzorde berri horretan NaBai, UPN eta EAE-ANV alderdietako zinegotziek eta Almandoz eta Iruritako alkate juradoek parte hartuko dute, Luis Roldanek eta Pello Obregozok, hain zuzen. Horrela erabaki zuten Batzar Nagusiaren azken bilkuran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun