“Amaiur 1982-2007” erakusketa ikusgai dago Amaiurko Serorategian

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 3a

Otsailaren 29a arte zabalik egonen da

Joan den urtean 25 urte bete ziren, Nafarroako Erresumaren azken defendatzaileak omentzen dituen Amaiurko monumentua berreraiki zutenetik. Hori dela eta, “Amaiur 1982-2007” erakusketa ikusgai izan zen Iruñeko Artxibo Orokorrean eta orain, abenduaren 27tik otsailaren 29ra, Amaiurrera ekarri dute. Hain zuzen, Amaiurko serorategian egonen da ikusgai otsail hondarrera arte eta bertan ikusten ahal dira monumentua berreraikitzeko egindako lanak, garaiko dokumentazio, prentsa agiri eta argazkien bidez.

Abenduaren 27an egin zen inaugurazio ekitaldian, Juan Ramon Corpas Mauleon, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo departamentuko kontseilaria eta Amaiurko alkatea, Miguel Jose Arizti izan ziren. Ondotik, Amaiurko erakusketarako prestatu den liburuxkaren egileetako batek, Luis Javier Fortunek solasaldia eskaini zuen. Berak eta Javier Azanzak prestatu dute idatzia.

Hain zuzen, Kultura eta Turismo Departamentua eta Amaiurko herria erakusketa betirako Amaiurren gelditzea aztertzen ari dira, nafar erresumako azken defendatzaileak gogoratzeko.

Amaiurko oroitarriak ere badu bere historia. XX. Mende hasieran, Amaiurko gaztelua konkistatu zela lau mende igaro zirela gogoratzeko, halako monumentu bat eraikitzeko asmoa azaldu zuten Juan Iturralde y Suit-ek lehenik, eta Julio Altadill-ek ondotik. Bere gorabeherak izan ondotik, azkenean eraiki zen. Baina 1931n dinamitaz bota zuten. 1976an, berriz ere egitea erabaki zuen Diputazioak eta Bianako Printzea erakundeak egin zuen proiektua. Mendi hegalean sakabanatuak zeuden harriak berreskuratu eta falta zirenak edo hondatuak zeudenak, Oliteko Hargintza tailerrean landu ziren. Amaiurko monumentu berrituaren inaugurazioa 1982ko urriaren 10ean egin zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun