Harrobiari buruzko herri kontsulta tramitatzea onartu du udalbatzak

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 2a

Miguel Angel Garaioa da NaBaiko zinegotzi berria Baztango Udalean. TTIPI TTAPA

Miguel Angel Garaioak NaBaiko zinegotzi kargua hartu du

Abenduaren 17ko udalbatzarrean onartu zuen Baztango Udalak Erdizko harrobiari buruz herri kontsulta egiteko proposamena tramitera onartzea. Hala, proposamena Nafarroako Gobernura bidaliko da. Herri kontsulta egiteko ekimena bortz herrietako alkateek aurkeztu zuten udalbatzarrean, bildutako 985 sinadurekin. Horietatik 954 onartu ziren, 6.353 laguneko zentsotik sinaduren %10a baino gehiago. Beraz, herri kontsulta aitzinera eramateko nahikoa.

NaBai taldeak ere badu bere proposamena, eta kontsulta batzarreen bidez egitearen aldekoa da, aitzinetik informazio eta eztabaida kanpaina eginez.
Hala, baliteke kontsultarako bi ereduak aitzinera eramatea: bat batzarreen bidez eta bertzea herri kontsultaren bidez. Azken hau urtebete luzatu liteke.

Miguel Angel Garaioa NaBaiko zinegotzi berria

Udalbatzar berean hartu zuen kargua Miguel Angel Garaioak. Bera izanen da, NaBaiko zinegotzi berria, Rakel Goñi elbetearrak dimisioa aurkeztu ondotik, honen kargua beteko duena. NaBaiko zerrendan, Garaioaren aintzineko hiru hautagaiek (Carlos Garaikoetxea, Izaskun Etulain eta Mirentxu Oiartzabal) uko egin zioten karguari eta Garaioak (EAJ) bere postua hartu du.

«Legez kanpoko» obrak

Eguneko bertze gaia Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuko kontseilariak Udalari «legez kanpoko» sei kontratazio bertan behera uzteko egindako eskaria izan zen. Egindako obra gehienak maiatzeko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko izan dira. Alkateak bere garaian obrak «premiazkoak» zirelako egin zirela argudiatu zuen. Abenduaren 17ko plenoan eskakizuna ontzat eman eta obrak «zuzendu» ziren azaroaren 9ko dokumentazioa bidaliko zutela adostu zuten. Horrez gain, Kontratazio Batzarrari ere txostena eskatuko zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun