Abenduaren 17ko udalbatzarrean onartu zuen Baztango Udalak Erdizko harrobiari buruz herri kontsulta egiteko proposamena tramitera onartzea. Hala, proposamena Nafarroako Gobernura bidaliko da. Herri kontsulta egiteko ekimena bortz herrietako alkateek aurkeztu zuten udalbatzarrean, bildutako 985 sinadurekin. Horietatik 954 onartu ziren, 6.353 laguneko zentsotik sinaduren %10a baino gehiago. Beraz, herri kontsulta aitzinera eramateko nahikoa. Nafarroa Bai taldeak ere badu bere proposamena, eta kontsulta batzarreen bidez egitea proposatzen du, aitzinetik informazio eta eztabaida kanpaina bat eginez. Hala, baliteke kontsultarako bi ereduak aitzinera eramatea: bat batzarreen bidez eta bertzea herri kontsultaren bidez. Azken hau urtebete luzatu liteke.
Miguel Angel Garaioa Nafarroa Baiko zinegotzi berria
Udalbatzar berean hartu zuen kargua Miguel Angel Garaioak. Bera izanen da, beraz, Nafarroa Baiko zinegotzi berria, Rakel Goñi elbetearrak dimisioa aurkeztu ondotik, honen kargua beteko duena. NaBaiko zerrendan, Garaioaren aintzineko hiru hautagaiek (Carlos Garaikoetxea, Izaskun Etulain eta Mirentxu Oiartzabal) uko egin zioten karguari eta Garaioak (EAJ) bere kargua hartu du Baztango Udalean.
«Legez kanpoko» obrak
Eguneko bertze gaia Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuko kontseilariak Udalari «legez kanpoko» sei kontratazio bertan behera uzteko egindako eskaria izan zen. Egindako obra gehienak maiatzeko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko izan dira, horien artean Arraiozko kanalizazio eta hornidura proiektua. Alkateak bere garaian obrak «premiazkoak» zirelako egin zirela argudiatu zuen. Abenduaren 17ko plenoan eskakizuna ontzat ematea onartu zen. Gisa berean, obrak «zuzendu» ziren azaroaren 9ko dokumentazioa ere bidaliko zutela adostu zuten. Horrez gain, Kontratazio Batzarrari ere txostena eskatuko zaio.