13 hilabetetako lanen ondotik Elizondoko elizak ireki ditu ateak

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 19a

Abenduaren 8an egin zuten inaugurazio ekitaldia

Elizondoko Santiago Elizak berriro ireki ditu ateak. Barrrenetik guztiz eraberritua dute, 600.000 euroko gastua eginez. 13 hilabetetako lanen ondotik abenduaren 8an egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta han izan zen, bertzeak bertze, Francisco Perez Iruñeko artzapezpikua. Eliza 1920an inauguratu zen lehenbizikoz, 1913an antzinako eliza uholdeek hondatu baitzuten.
Alde batetik zoladura berritu dute. Tarima zaharra kendu dute, eta irradiazio-berogailua jarri; galderak eta elektrrizitate sistema eraberritu dituzte eta zolan zeramika paratu dute. Barrualdea ere margotu dute. Iruña-Uharteko Beis Margoak-ek pintatu du barren aldea, eta Art3 enpresak erretaula zaharberritu du. Koroaren azpian bi horma-irudi ere margotu dituzte Ana Larrui eta Fernando Gorostidik. Bertzalde, kristaleria eta organoa zaharberritzen ere ari dira. Lerro hauek idaztean oraindik bukatu gabe zegoen lana. Kristaleriarekin Oliten ari dira lanean, eta erromatar garaiko organoa Murchanten. Kanpokaldean ere konponketak egin dira: sarreran lauza berriak paratu, eliz atarian burdin sarea jarri...
Lanak egiteko Artzapezpikuak %10eko laguntza eman du; Vianako Printzea Institutuak ere erretaularen eraberritzea subentzionatu du eta Nafarroako Kutxaren Zuk aukeratu, zuk erabaki kanpainaren bidez ere laguntza jaso da. Herritarrek auzolanean ere lan haundia egin dute.

Kolegioko kanpaiak eta erlojua Lizarrara

Azaroaren 23an hasi ziren Lekarozko kolegioko elizako dorreko kanpaiak eta erlojua desmuntatu eta garraiatzen. Kolegioa bere egin zuen Nafarroako Gobernuak 3,3 milioi euroren truke, eta azken erabaki hau ere Gobernuak hartutakoa da. Baztango Udalak, bere aldetik, horren inguruan deus ez zekiela adierazi du, nahiz eta eliza Balleko Udal Hirigintza Planean babes bereziko eraikina dela adierazi. Antza, Lizarrara eraman dituzte.
Kolegioaren gainerako ondasunak lehenago eraman ziren. Liburutegia, museoko objektuak, elizako irudiak eta abar hainbat lekutara garraiatu ziren, Zangotzara eta Iruñera, bertzeak bertze. Kanpaiak 1895 aldera paratu ziren dorrean eta erlojua1908an ailegatu zen Lekarozera Frantziatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun