Pilotan aritzeko aitzakiarekin, ikasleen arteko harremanak sendotzeko Ikaspilota Topaketa egin zuten Berako Labiaga, Lesakako Tantirumairu eta Baztan Ikastolako 85 ikaslek azaroaren 28an Elizondon. 9:30etik aitzinera, beroketak egin eta txoko ezberdinetan banatu ondoren, ordu eta erdiz pilotan aritu ziren. Unai Apeztegia pilotari profesionala ere gonbidatua zuten antolatzaileek, eta ez zuen hutsik egin, ikasleekin pilotan aritu zen. Ondotik kiniela egin zuten, segidan jokatuko zen partidaren emaitza zein izanen ote zen asmatzeko. Mikel Goñi eta Iñaki Otxandorena ere joatekoak ziren, baina azkenean ezin izan zuten joan. Hala, Unai Apeztegiak hiru irakaslerekin jokatu zuen: Unai Apeztegia-Patrizia Leiza eta Juanjo Atxa-Joseba Lasarte. 12-11 irabazi zuten lehenbizikoek. Ondotik, sari banaketa egin zuten: Asegarceko kamiseta eta esku pilotak kiniliela asmatu zutenentzat, eta gainerakoek aukeran izan zituzten Lur dantzalekuko kamisetak, erlojuak eta txapak, Nafarroako Kutxako kamisetak, biserak, pilotarien argazkiak... Antolatzaileak kontent ageri ziren egunak izandako arrakastarekin, eta bide batez, eskerrak eman nahi izan dizkiete Baztan Ikastolako Guraso Elkarteari (gosaria eskaini eta laguntzeagatik), Lur dantzalekuari eta Nafarroako Kutxari (emandako opariengatik) eta bereziki Unai Apeztegiari, bere esker oneko borondateagatik.