N-121B errepidea eta NA-2600 errepidea, Arizkunen barna lotzen dituen NA-2601 errepidearen egoera kaxkarra salatu du Nafarroa Bai taldeko Aitor Etxarri parlamentariak. Zolaren egoera penagarria izanik, 2002-2009ko Errepideen bigarren Plan Zuzendarian ez dago hori moldatzeko inolako aurreikuspenik. Aitor Etxarrik bere kezka agertu du, “bide honen kalitatea kaxkarra delako, batez ere asfaltoari dagokionean. Lehenbailehen zerbait egin beharko litzateke, batez ere Arizkun inguruan, erabiltzaileek arazorik izan ez dezaten”.
Aurreikuspenik ez dagoenez, Gobernuak planaren epea bukatu arte errepidea dagoen bezala uzteko asmoa ote duen jakin nahi luke Nafarroa Baiko parlamentariak edo, “aldiz, logikoa izanen litzatekeen bezala, istripuak saihesteko neurriak hartuko dituen”.