«Heldu den urtean profesionaletan debuta eginen dut eta ilusioz nago»

Aitor AROTZENA 2007ko azaroaren 26a

Xabier Ibargarai TTIPI TTAPA

• Xabier Ibargarai Erratzuko palistak Nafarroako buruz buruko txapela jantzi du, lehen aldiz larruzko pilotarekin. Hiru final jokatu ditu Txikiren kontra eta aurten irabaztea lortu du.
• Oberena taldeko pilotaria, pala motzean ere binaka Nafarroako txapeldun eta Espainiako klub arteko txapeldun izan da Zozaia lesakarrarekin batera.
• Halere, beretzat txapelik handiena, profesionalekin nahasita jokatutako Nazioarteko Irekikoa izan da. Fusto argentinarrarekin batera irabazi zuen.

Urte emankorra izan da aurtengoa Xabier Ibargarai palista erratzuarrarentzat eta abudo, pala profesionalera saltoa eginen du. «Urte akabailan edo heldu den urte hasieran hasiko naiz, bai. Palan ez da bertze pilota modalitate batzutan haina diru mugitzen, baina Bizkaiako Diputazioak hartu du eta badirudi lau urterako etorkizuna segurtatua dagoela. Halere, badakigu palatik ez dela bizitzen ahal, lana behar duzu aparte, baina ilusioz nago». Lehendik ere, afizionatua izanik, profesionalekin batera lehiaketa bat irabazia da palista erratzuarra eta esperientzia «arrunt polita» iruditu zitzaion. «Fusto argentinarrarekin batera, Urkia-Galan profesionalei irabazi genien finala, ustekabea emanez. Profesional hitza aditzen duzunean, ematen du zu baino gehiago direla, baina motibazio gehiagorekin jokatzen duzunez, gogo horiekin ez da hainbertzeko diferentzia ezagutzen». Xabi Ibargarai gibeleko koadroetan aritzen da eta «bi esku onak ditut, ezkerra naiz baina eskuinarekin ere berdin ematen diot, eta hori abantaila da. Kolpean potentzia handia dut eta horrekin min aunitz egiten diet kontrarioeri. Buru aldetik hobetu behar dut, galtzen hasten naizenean hondoa jotzen dudalako. Beharbada gaztea naiz eta esperientzia hori falta zait».

Palaren bitartez, bertze herrialdeak ezagutu

Palak hainbertze herrialde ezagutzeko aukera eman dio Ibargarairi. Berriki, Reunion Irletan lehiaketa bat jokatu du eta hiru aldiz Kuban izana da. «Arras esperientzia polita izaten da, bertako jendearen kontra ari behar da eta ikusten da pilota ez dela bakarrik hemengo kontua, han ere badirela maila handiko palistak. Gainera, leku zoragarriak dira eta bisitatzeko ederrak».

Beharbada pala izanen da pilota modalitateen artean ezezagunena jendearentzat. «Telebistan gutien agertzen dena da eta ikusteko zailena ere bada jendearendako. Deportivon jokatzea zaila da, peloteo guti izaten da eta hiru-lau pilotakada segidan ematen badira tantu luzea da. Ahal duguna egiten dugu, baina horrela da». Pala motza, luzea, paleta, larruzko pilotarekin, gomazkoarekin…Palaren barrenean hainbertze modalitate izateak ere jendea nahasi dezake beharbada. «Igual bai, pala motzean eta paletan piloteo luzeagoak ikusten dira, baina pala luzearekin ez, eta jendeari ez zaio hori gustatzen. Eta profesionaletan pala luzearekin jokatzen da!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun