Arraiozko zeharbidea berritzeko lanak egiteko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Gobernuak

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 26a

Zoladura-lanak egiteaz gain, ur fekal eta euri-uren hornidura eta saneamendua ere berrituko dira

Arraiozko zeharbidean eraberritze lanak egiteko akordioa sinatu dute Baztango Udalak eta Nafarroako Gobernuko Herri Lan Sailak. Zehazki, errepidea berritu eta zoladura-lanak eginen dira zeharbidean. Lanak egiteko hasierako aurrekontua 1.253.976,30 eurotan ezarri dute, eta horietatik 568.375 euro Gobernuak ordainduko ditu. Aipatu, zoladura lanak egiteaz-gain, ur fekal eta euri-uren hornidura eta saneamendua ere berrituko direla, baita elektrizitatea, telefonia, argiteria eta gas zerbitzuan berrikuntzak egin ere. Obrak egiteko hartu beharreko neurriak Baztango Udalaren esku geldituko dira.

Bertzalde, herriko plaza zeharkatzen duen ibaiaren kanalizazioak herritarren kexa piztu zuen hasieratik, eta azaroaren 5ean obrak gelditu ere egin zituzten. Hala, joan den azaroaren 14an Amelia Salanueva Nafarroako Gobernuko Tokiko Administrazioko kontseilaria eta Begoña Sanzberro Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria Arraiozen izan ziren, eta Hidrografia Konferazioarekin eta Udalarekin adostasun batera ailegatzeko konpromisoa eman zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun