Erdizko meategiaren proiektuaz

Herri kontsultaren aldeko manifestazio jendetsua

TTIPI TTAPA 2007ko aza. 26a, 13:10
Jende aunitz pasatu zen Elizondoko karriketatik manifestazio egunean. TTIPI TTAPA

 

Erdiz Bizirik plataformak deituta, manifestazio jendetsua —2.000 lagun antolatzaileen arabera— egin zen azaroaren 10ean Elizondon, Magna enpresak Erdizen egin nahi duen harrobiari buruzko erreferenduma egin dezaten eskatzeko. Antolatzaileak pozik ageri ziren manifestazioak izandako harrerarekin. 17:00etan abiatu zen Elizondoko plazatik eta karriketan barrena ibili ondotik berriz bueltatu ziren plazara. Aziendarik ere ez zen falta izan, zaldiak, behiak eta ardiak han izan baitziren. Plazako ekitaldian, plataformako kideek Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari «arduraz» jokatzeko eskatu zioten, eta Baztango Udalari, berriz, «tranpak eta gezurrak alde batera utzi eta baztandarren borondatea errespetatzeko». Bide batez, sinadura bilketa martxan paratua dela ere gogorarazi zuten antolatzaileek, eta horretarako baztandarrek Herriko Etxean sinatu beharko dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun