Islamari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Baztanen Bidelagun elkarteak, asteazkenetik ortziralera. Asteazken eta ortzegun arratsaldez zenbait solasaldi eginen dira Arizkunenea Kultur Etxean eta ortziralean, “Europan bizi islamaren ikuspegitik” mahaingurua. Ortzegun goizean, berriz, Lekarozko institutuan “Gazteak galdezka” mahaingurua eginen dute. Jardunaldi hauen helburu nagusia Islamaren mundu zabala ezagutaraztea da, estereotipo, aurreiritzi eta topikoei aurre eginez, Isidro Herguedasek aipatu digunez. Modu berean, kultura islamikoa bertako herritarrei hurbildu eta ezagutzera eman nahi da eta mendu arabiarraren ikuspuntu berri bat erakutsi. Solasaldiak eta mahainguruak denei irekiak baldin badira ere, Bidelagun elkarteak dei berezia egin die eskola eta institutuetako irakasleei eta mediku, erizain eta giza eragileei parte hartzeko.
Egitarau zabala
Asteazkenean, azaroaren 21ean, “Arabiar aztarnak Euskal Herrian” solasaldia eskainiko du Tuterako Juan José Bienes arkeologoak eta kaferako atsedenaldiaren ondotik, 18:30ean, Islamaren egoera gaur egungo Nafarroan aztertuko du Abdelatif Chachai, Tuterako kulturarteko bitartekariak. Ortzegun arratsaldeko 17:00etan, islama ulertzeko kontzeptu nagusiak landuko ditu Alí Raisunik, Marokoko Xaueneko Dawa Islamika elkarteko presidenteak. Kafearen ondotik, arabiar mundua ulertzeko, barne adarrei buruz, xiitak, sunitak, wahbarsmoa, sufismoa eta bertze zenbait adarrei buruz arituko da Iruñeko IPESeko Javier Aisa. Aipatu bezala, Lekarozko institutuan, ortzegun goizean, 11:00etatik 13:00etara, “Gazteak galdezka” mahaingurua eginen dute, Abdelatif Chachai eta Alí Raisunirekin. Horretaz gain, arabiar kaligrafia eta Korana aztertzeko lantegiak ere eginen dira ikastetxean.
Ortziralean mahaiingurua
Islamari buruzko jardunaldi hauek akitzeko, ortziral arratsaldeko 17:00etan “Europan bizi islamaren ikuspegitik” mahaingurua eginen da. Abdelatif Chchai, Alí Raisuni eta Amel Jdi izanen dira partehartzaileak eta Bidelagun taldeko Mikel Gerekak eginen du moderatzaile lana.