Arraiozko zeharbidea eraberritzeko akordioa sinatu dute Baztango Udalak eta Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2007ko aza. 14a, 13:03

Arraiozko zeharbidea eraberritze lanak egiteko akordioa sinatu dute Baztango Udalak eta Nafarroako Gobernuko Herri Lan Sailak. Zehazki, errepidea berritu eta zoladura-lanak eginen dira zeharbidean. Lanak egiteko hasierako aurrekontua 1.253.976,30 eurotan ezarri dute, eta horietatik 568.375 euro Gobernuak ordainduko ditu. Aipatu, zoladura lanak egiteaz gain, ur zikinak eta euri-uren hornidura eta saneamendua ere berrituko direla, baita elektrizitatea, telefonia, argiteria eta gas zerbitzuan berrikuntzak egin ere. Obrak egiteko hartu beharreko neurriak Baztango Udalaren esku geldituko dira.

Bertzalde, zeharbideko lan horietaz gain, Arraiozko plazan ere konponketak egiten ari dira, maitzeko uholdeek kalte haundiak eragin baitzituzten plazan ere. Ibaiaren bi aldetan eraikitzen ari diren paretarekin ez daude ados herritarrak, eta bertzelako aukerak proposatzen dituzte. Pareta estetikoki itsusia dela diote eta herria bi zatitan banatuko duela.

Toki Administrazio kontseilariaren bisita

Hain zuzen, Arraiozen egiten ari diren azpiegitura lanen egoera bisitatzera etorri da asteazkenean, azaroaren 14an, Amalia Salanueva, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio kontseilaria. 13:00etan, Balleko Udalean bildu da Virginia Aleman, Baztango alkatearekin eta handik Arraiozera jo dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!