Elizondon jendetza bildu zen pasa den larunbatean Erdizen harrobia egiteko afera herri galdeketa batean egin dadin eskatzeko. Iturri batzuen arabera, mila izan ziren bertaratutakoak, eta beste zenbaitek diote bi mila izan zirela Elizondoko kaleak zeharkatu zituztenak “Erdiz erreferenduma” lelopean.
Erdiz bizirik plataformak egin zuen manifestaziorako deialdia eta benetan arrakastatsua suertatu zen. Martxoan egin bezala deialdira baztandarrek ederki erantzun zuten eta jai giroan aldarrikapena ere egin daitekeela argi geratuz.
Manifestazioa zabaltzen Baztango abeltzainak behi, aratze, behor, zaldi, ardi eta bildotsekin. Hauek ibilbidea Elizondoko Foruen enparantzatik hasi zuten Jaime Urrutia kalea zeharkatuz eta ibilbidea Santiago kaletik osatuz, berriz ere Foruen enparantzan akitzeko. Azienden gibeletik “Erdiz erreferenduma” zioen pankarta ageri zen eta jendeak etengabe “Erdiz harrobirik ez” edota “Erdiz erreferenduma” oihukatzen zuen. Tartean Baztango musikariak eta zankodunak ageri ziren.
“Erdiz Bizirik” pankarta zintzilikatu zuten Balleko Etxean
Behin manifestazioa akituta, bi gazte udaletxearen balkoira igo eta “Erdiz Bizirik” zioen pankarta zintzilikatu zuten. Ondotik, Foruen enparantzako kioskotik solastu ziren Jon Elizetxe euskaraz eta Jaione Irisarri gazteleraz. “Erdiz bizirik” plataformak egindako deialdiari erantzunez hurbildutako baztandarrek txalo zaparrada artean agurtu zuten ekitaldia.