Baztandarren Biltzarrak negurako kultur programazio zabala prestatu du

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 13a

Gu ta Gutarrak taldearen kontzertuarekin akituko da Baztandarren Biltzarraren neguko programazioa. TTIPI TTAPA

Ortziralean, azaroaren 16an, Palestinari buruzko solasaldi batekin hasiko da

Azken urteetako ohiturari eutsiz, negurako kultur egitarau zabala prestatu du Baztandarren Biltzarra elkarteak. Lehenbiziko ekitaldia ortzilerian, azaroaren 16an izanen da. “Palestina, 60 urte erresistentzia. Euskal brigadista batzuen lekukotasuna” hitzaldia emanen dute Arizkunenean Nekane Madariaga eta Gorka Quevedok, arratseko 8:00etatik aitzinera. Hurrengo ortzilerian, azaroare 23an, “Baztandarrak Ameriketan” bideo emanaldia eta solasaldia, izanen da Ttipi-ttapa telebistaren eskutik. Bideoan elkarrizketatuak ageri dira, Iruritako Felix Aleman, Anizko Juan Jose Azkarate, Almandozko Francisco Bikondoa, Oronozko Joxe Rekondo eta Esteban Goñi, Elbeteko Joxe Mari Torres, Arizkungo Dolores Urrutia, Lekarozko Maite Maixterrena eta Andy Iturriria, bertzeak bertze. Azaroaren 30ean, ortzilerian Ruper Ordorikaren kontzertua izanen da Arizkunenean arratseko 8:00etan. Sarrera 5€ ordaindu beharko da.

Abenduan bertso-afaria eta haurrendako tailerrak

Abenduan sartuta, abenduaren 8an, larunbatean, arratseko 9etan bertso afaria izanen da Erratzuko Elkartean.” Errimak zizurketuz… ideiak laxatuz” izenburupean. Maialen Lujanbio, Erika Lagoma, Jon Barberena eta Xabier Silveira ariko dira bertsotan eta Fernando Anbustegi izanen da gai-jartzailea Abenduaren 26 eta 27an, asteazken eta ortzegunean, haur tailerrak izanen dira Azpilkuetan eta Elizondon, arratsaldeko 4etatik 6etara. Izen ematea norbere eskolan egin beharko da. Abenduaren 28an, ortzilerian, arratsaldeko 5etan zine emanaldia izanen da Lur aretoan. Sarrera 2 €.

Lehiaketen sariak ilbeltzean banatuko dira

2008ko urtarrilean ere segida izanen du Baztandarren Biltzarraren kultur egitarauak. Ilbeltzaren 2aan eta 3an, asteazken eta ortzegunean, Haur tailerrak izanen dira Gartzainen eta Berroetan, arratsaldeko 4etatik 6etara. Izen ematea norbere eskolan egin beharko da. Hilaren 4an, ortzilerian, Zine emanaldia izanen da Lur aretoan, arratsaldeko 5etan. Sarrera 2 € ordaindu beharko da. Ilbeltzaren 18an, ortzilerian, Arizkunenean bertso paper, ipuin, gutun eta piropo lehiaketen sari banaketa eginen da arratsaldeko 7etan. Ilbeltzaren 25ean, ortzileria, Arizkunenean hitzaldia izanen da arratseko 8etan: “ Euskera eta Nafarroa: diskriminazioaren kudeaketa” izenburupean. Hizlaria Julen Urbiola izanen da, Euskara Kultur Elkargoko zuzendaria.

Gu ta Gutarrak taldearen kontzertua, programazioa akitzeko

Otsailean, azkenik, hilaren 2an Bertso afaria izanen da Anizko Elkartean, hau ere “Errimak zizurketuz… ideiak laxatuz” izenburuarekin. Bertsolariak Unai Iturriaga, Iñigo Izagirre, Julen Zelaieta eta Jon Elizetxe izanen dira eta gai jartzailea, Fernando Anbustegi. Neguko egitaraua akitzeko, otsailaren 23an, larunbatean, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Josu Zabala eta bertze musikari batzuk osatzen duten Gu ta Gutarrak taldeak kontzertua eskainiko du Lur aretoan, arratseko 8etan. Sarrera 5 euro ordaindu beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun