Arraioztarrak ez daude ados uholdeei aitzin egiteko herrian egiten ari diren obrekin. Maiatzeko uholdeek eragindako kalteen ondotik, bai Hidrografia Konfederazioak eta bai Tragsa enpresa publikoak —azken honi Udalak hala eskatuta—uholdeak murrizteko onena ibaiari kanal ireki bat egitea litzatekeela ebatzi zuten. Udalak kanal irekia egiteko proiektua onartu zuen eta obrak egiten ere hasi ziren. Herrian, ordea, hasieratik proiektuaren kontra agertu dira eta kanala lur azpian egitea nahi dute. Hala, azaroaren 5ean obrak geldiarazi ere egin zituzten. Udalaren «ardurarik eza» ere kritikatu dute herritarrek, eta Nafarroako Gobernura jotzea ere ez omen dute baztertu. Arraioztarrek plaza estalia ikusi nahi dute, «lehen bezala». Horrez gain, kanal irekia eginez gero, ibaiaren ondoan dagoen etxe bat sarrerarik gabe geldituko litzatekeela argudiatu dute. Gaineratu dutenez, egiten ari diren pareta estetikoki «itsusia» da, herria bi zatitan banatuko duelako eta antzinako garbilekua estaliko duelako. Gisa berean, «paretak guttienez 40 zentimetroko zabalera eduki beharko luke, eta zenbait zatitan ez du 15 zentimetroko zabalera ere ez».