II. bertso paper eta ipuin lehiaketa antolatu ditu Baztandarren Biltzarrak

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 8a

Helduentzako gutun eta piropo lehiaketa ere izanen da

Gan den urtean bezala, bertso paper eta ipuin lehiaketa antolatu ditu Baztandarren Biltzarrak. Lehiakideak hiru kategoriatan banatuko dira. 6 eta 1 urte bitartekoetan, hiru bertso edo hiru kopla idatzi beharko dituzte, nahi duten gaia eta neurria erabiliz. Ipuinen kasuan ere gaia libre izanen dute eta gehienez hiru orrialdeko ipuina izanen da. 12 eta 14 urte bitartekoetan, bertso-paperetan, guttienez hiru bertso edo kopla eta gehienez bortz idatzi beharko dituzte, gai eta neurri librean. Ipuinen gaia ere librea izanen da eta gehienez, 4 orrialde bete beharko ditu. 15 eta 17 urte bitarteko kategorian, lau eta sei bertso edo kopla artean idatzi beharko dira eta ipuina, gehienez lau orrialdekoa izanen da, kasu honetan ere gai librean.

18 urtetik goitikoentzako gutun eta piropo lehiaketa

Helduek ere izanen dute imajinazioa lantzeko aukerarik, gutun eta piropo lehiaketa izanen baita. Gutun lehiaketan, edozein gaiaren inguruan eskutitz bat idatzi beharko da. Gutuna orrialde batekoa izango da gehienez. Lana ordenagailuz bidali beharko da eta letraren neurria hamabikoa. Piropo lehiaketan, 25 hitz baino gutiago dituen piropo erranguratsu eta original bat idatzi beharko da. Bi kasuetan, lana sobre edo postazal baten barnean sartu behar da, ezizen batekin sinatua. Bertze sobre ttiki batean berriz; egilearen datuak jarriko dira eta sobre hau ere ezizen berdinarekin sinatua egon beharko da.

Lanak urtarrilaren 11 baino lehen egon beharko dute Baztandarren Biltzarraren eskuetan eta bidaltzeko bi aukera daude: Baztandarren biltzarrako egoitzako postontzirat edo helbide honetara: 22 Posta Kutxatila, 31700, Elizondo. Sari banaketa urtarrilaren 18an, Arizkuneneako sabaian eginen da. Sarituek beren sariak bildu eta beren lanak aurkeztuko dituzte bertan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun