“Erdiz erreferenduma” lemapean manifestazioa eginen da larunbatean Elizondon

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 8a

Erdiz Bizirik taldek herritarren iritzia errespetatzea eskatzen du

Azaroaren 10ean, arratsaldeko 16:30ean “Erdiz erreferenduma” lemapean manifestazioa deitu du Elizondon Erdiz Bizirik plataformak. Erdiz Bizirik taldeak herritarrek hitza izatea eskatzen du eta horretarako garbiena, herri galdeketa egitea dela uste du.

Asteazken eguerdian egin zuten manifestazioaren deialdia Elizondoko Arizkunenean. Herri galdeketa egitea eskatuz sinadura bilketa ere eginen dela jakinarazi zuten, egun horretan elkartzea espero duten jendetza aprobetxatuz. Erdiz Bizirik taldearen erranetan, “azkeneko denboraldian, Baztango udaletxearen aldetik, iruzurra eta tranpa bertzerik ez dugu ikusi. Urriaren 1ean, Nafarroa Bai taldearen proposamena onartu izan balitz, udalaren aldetik Magnak argi berdea izanen luke bere proiektua aitzinera eramateko, inongo akordio idatzirik eduki gabe eta, gainera, herriarekin kontsultatu gabe”.

Hortaz gain, aste honetan, Gobernu Batzordea osatzen zuten zinegotziek ezezkoa eman diote larunbatean sinadurak biltzeko langile bat jartzeko eskaerari eta jarrera hori salatu du Erdiz Bizirik taldeak: “Eskaera hau alkate-juradoek egina zen, hau omen da beraientzat demokratikoena. Hau al da baztandarrok nahi duguna?”.

Herri galdeketa ofiziala

Herri galdeketa ofizialaren bidez, herriari hitza itzultzea eskatzen du Erdiz Bizirik taldeak: “Herri galdeketa honek 27/2002 Lege Foralaren kondizioak bete beharko lituzke. Kondizio hauetan, kanpaina informatiboa sartzen da. Galdeketa honen emaitza jakin ondoren, batzar orokorrak herriaren erabakia bere gain har dezala eskatzen dugu, hau da, erabaki hau edozeinen aurrean defenditzea, legez dagokigun bezala, Erdizagako lur komunalaren jabeak izateagatik”.

Gai horrela egonda, jende guziaren partehartzea beharrezkoa dela deritzo Erdiz Bizirik-ek, “bai sinadurak biltzeko udaletxean, bai manifestazio egunean, baita ondoren eginen diren ekintza guzietan. Apostu haundia da eta udalaren jarrera zalantzagarria”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun