Kirikoketa doinuekin egin zuten sagardoa Arizkungo Gamioxarrean

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 7a

Azaroaren 3an 2.000 kilo sagar jo zituzten

Joan den larunbatean, azaroaren 3an, Kirikoketa egunaren edizio berria egin zen Arizkungo Gamioxarrean, Jo ala Jo kultur taldeak antolatuta. Goizeko hamarrak aldera hasi ziren sagardoa egiteko prozesuarekin. Garai batean bezala, uztarrian lotutako idi-pareak garraiatu behar zituen etxez etxe bildutako sagarrak, baina gaur egun kasik idirik ez dagoenez, behi-pareak bete zuen lan hori. Garaiak ez dira horretan bakarrik aldatu. Duela mende bat kasik etxe guzietan izaten ziren sagarrondoak, baina orai guti ikusten dira eta gainera, aurtengoa ez da sagar urtea izan. Horregatik, aurten Gamioxarrean jo diren 2.000 kilo sagar Baztan, Malerreka, Bertizarana eta baita Larraungo Aldatz herritik ekarri dira.

Arizkungo Larrainkarrike ikuskizunaz gozatzera bildutako jendez gainezka ageri zen. Behin lehengaia bilduta, Gamioxarreako sabaitik dolarera erori ziren sagarrak eta sagar-jotzea egin zen kirikoketa erritmoan. Behin sagarrak puxkatu eta neurri egokia hartu zuenean, patsa-estutzea egiten da. Gamioxarreako dolarea zaharberritua dago eta ardatzak lanean hasi zirenean, pixkanaka palotxaren azpian estutzen hasi zen patsa eta lehenizbiko muztioa edateko aukera izan zuten Arizkunera bildutakoek. Gainera, nafarroako sagardoa eta pintxoak ere izan ziren, urdailaren gozamenerako. Bitartean, herrian barna txistulariak, erraldoiak, Sasternea etxean pintura erakusketa, artisauak, marrakuluak eta bertze hainbat ekitaldi izan ziren.

Eguerdiko bi orduetan bazkaria egin zen. Iñigo Izagirre, Jon Barberena eta Jon Elizegi bertsolariek kantatu zuten bazkarian eta bazkalondoan. Arratsaldean txalaparta emanaldia izan zen eta klase ezberdinetako txalaparta hotsak aditu ziren: Baigorrikoak, Donapaleukoak, Ziburukoak, Ilunabarreko dantza herrikoiekin eta Kalapite taldeak eskainitako kontzertuarekin akitu zen Kirikoketa Egun borobila, pixkanaka Baztango besta egitarauan indarra hartzen ari den ekitaldi ederra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun